Petrolioaren madarikazioa jasaten duten herrialdeen paradigma da Nigeria. Afrikako aurreneko petrolio esportatzailea da. Bi milioi petrolio upel baino gehiago ekoizten dira eguneko eta munduko zazpigarren petrolio esportatzaile nagusiena da mundu osoan eguneko 28 milioi petrolio upel ekoizten dira. Herritarren %70, alta, pobreak dira. Neurri handi batean petrolioaren aberastasunak eraman ditu nigeriarrak miseriara. Multinazionalek lurrak kendu dizkiete eta, hartara, landa eremurik gabe gelditu dira. Niger ibaiaren deltan daude finkatuta petrolioa ustiatzen duten multinazionalak. Delta biodibertsitate handiko eremua da munduko hezegune zabalenetakoa da eta kontinenteko zabalena. Petrolioaren kutsadura, isurketak eta iragazketak, baina, delta suntsitzen ari dira. Deltan bizi diren etniek ijwak, ogoniak, igboak eta itsekiriakhainbat multinazionalen kontrako salaketa jarri zuten ekainean. Shell, ExxonMobil, Chevron Texaco, TotalFinaElf eta Agip daude tartean. «Kostaldean jada ez dago arrainik, mangladiak hiltzen ari dira, gure laboreak hondatuta daude eta ura kutsatuta dago. Heriotza goiztiarrak ugariak dira eta arnasketa gaixotasunak ere bai, minbizi kasu ugari daude». Auzitegi Gorenak gasaren errekuntza bertan behera uzteko agindu zien multinazionalei azaroan. Nigerian petrolioaren soberakinak erretzen dira osasuna kaltetzen duten substantzia toxikoak isuriz. Gobernuz kanpoko erakundeek behin eta berriro salatu dituzte praktika horiek.Hogei milioi pertsona pobre bizi dira deltaren inguruetan. Etniek urteetan pairatu duten egoera kaxkarrak eragin duen samina baliatzen dute matxinoek herritarren sostengua jasotzeko. Ibaiaren bazterretan dauden lur aberats horien gaineko kontrola eta burujabetza aldarrikatzen dute matxinoek. Duela hiru urte multinazionalei erasotzen hasi ziren talde matxinoak eta ekintzak areagotu egin dira azken urtean. Azken hilabeteetako egoerak herrialdearen petrolio ekoizpena %10 murriztea eragin du eguneko 220.000 petrolio upel gutxiago. Mendebaldean petrolioaren prezioa igotzea eragin du horrek. LPEE Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundeko kidea da Nigeria.
Autodeterminazioa
Warri petrolio plantan nazioarteko lau langile britainiar bat, hondurastar bat, bulgariar bat eta estatubatuar bat bahitu zituen iragan urtarrilaren 11n MEND Nigerko Deltaren Burujabetzarako Mugimenduak. Hemeretzi egun geroago askatu zituen. Royal Dutch Shell petrolio enpresako langileak ziren eta, bahituak egon ziren tarte horretan, multinazionalak 330 langile bota zituen kalera. Urtarrilaren 8an eraso bat egin zuen matxino taldeak multinazionalaren beste petrolio planta batean. Hogeita bi pertsona hil ziren erasoaldian. Herbehereetako Royal Dutch Shell enpresak herrialdetik alde egitea aztertzen ari zela iragarri zuen orduan. Multinazionalaren barne txosten batean hemendik bi urtera herrialdetik joateko aukera jasotzen da: «Konpainiak ezin ditu zonaldean dauden arazoak baztertu eta arazo horietan duen erantzukizuna baztertu. Shellentzat arriskutsua da ezer ez egitea». Shellek herrialdean duen zuzendari Chris Finlaysonek «nahi gabe» ustelkeria, pobrezia eta kutsadura eragiten zutela aitortu zuen: «Gure ekintzak iraganean perfektuak izatetik urrun egon direla onartzen dugu». Nigeriako aurreneko multinazionala da Shell.
MEND taldeko kideek ijwa etniakoak multinazionalak zonaldean eragin duen kutsadurari aurre egiteko 1.200 milioi euroko kalte-ordainak eskatuzituzten bahituak askatzearen truke. Nazioarteko langileak askatu eta hurrengo egunean komunikatu bat helarazi zuen taldeak: «Bahituak askatzeak ez du esan nahi su-etena aldarrikatzen dugunik eta gure jarrera leundu denik. Gobernuak petrolioa esportatzeko duen ahalmena suntsitzea da gure xedea». Ijwa etniak baliabideen gaineko kontrola eta hegoaldeko eskualdeen autodeterminazioa aldarrikatzen du eta matxinoek etenik gabe ekintzak egiten dituzte multinazionalen kontra. Deltako Herrien Indar Boluntarioak taldeko buruzagi Mujahid Dokubu-Asarik gobernua diktadura bat dela salatu zuen: «Den-dena suntsituko dugu. Su emango diogu denari». Autodeterminazioa lortu bitartean ez ziotela erasoak egiteari utziko jakinarazi zuen: «Nigeriako Gobernuak ezin ditu hemen lan egiten duten langileen biziak babestu. Gure lurretatik alde egin edo bertan hilko zarete».
Agintarien ustelkeria
Kronologia
1914: Erresuma Batuak kolonizatu zuen.
1956: Nazioarteko petrolio enpresak herrialdean ezarri ziren.
1960: Independentzia lortu zuen.
1967: Yacubu Gowon jeneralak estatu kolpea eman zuen.
1967-1970: Gerra zibila izan zen. Hegoaldeko eskualdeek independentzia aldarrikatu zuten. Hiru urtean milioi bat pertsona hil ziren.
1970: Petrolioaren goraldia abiatu zen.
1975: Murtala Ramat Mohammad jeneralak estatu kolpea eman zuen.
1984: Muhamad Buhari jeneralak estatu kolpea eman zuen.
1985: Ibrahim Babangida jeneralak estatu kolpea eman zuen.
1993: Hauteskundeak egin ziren. Babangidak bertan behera utzi zituen emaitzak. Sani Abacha jeneralak estatu kolpea eman zuen.
1995: Giza eskubideen aldeko bederatzi ekintzaile hil zituzten. Ken Saro Wiwa poeta exekutatu zituztenen artean zegoen.
1999: Sani Abacha diktadorea hil zen. Olusegun Obasanjok presidentetzarako bozak irabazi zituen.
2003: Errebeldeek matxinada abiatu zuten. Petrolio ekoizpena murriztu zen. Olusegun Obasanjok presidentetzarako bozak irabazi zituen.
2004: Hainbat greba orokor egin ziren petrolioaren prezioaren igoera salatzeko.
2005: Niger ibaiaren deltan dauden talde matxinoek nazioarteko hainbat petrolio enpresari eraso zioten.
2006: MEND Nigerko Deltaren Burujabetzarako Mugimenduak nazioarteko lau langile bahitu eta handik hemeretzi egunera askatu zituen.