Cowboy-a berriz ere nagusi da Etxe Zurian.AEB Amerikako Estatu Batuetako presidente zaharberrituaren irudi horixe dugu. George Bush etxalde baten jabea da Texasen. Hor hazia da. Haren gurasoak ipar-mendebaldeko Connecticutt estatutik hegoaldera etorri zirenean, petrolio usainak erakarri zituen, ez simaurrak! Bush ez da, beraz, Texasko cowboykrazia zaharreko kide. Hemen, baina, zuhaitz genealogikoari baino gehiago, pertsonari jartzen zaio arreta... Texas AEBetako kide egin zenetik demokratak nagusi izan dituen arren, urre beltzak erabat eraldatu du gizartea azken hamarkadetan, baita hautesleen botoa ere.
Texasek historia laburra baina gorabeheraz beterikoa du. 1519. urtean lurralde honetako kostaldea ikusi zuen lehenengo europarra espainiarra zen. Texas Mexikoren menpe egon zen, 1821. urtean independentzia lortu zuen arte. Mexiko Espainiako koroaren menpe zegoen. Frantziskotarrek, hartara, hainbat misio zabaldu zituzten Texasen. Misioek indiarrak katolizismora bihurtu eta Mexikoko iparraldeko muga ziurtatzea zuten helburu fraideez gain soldaduek osatzen zituzten lehen herrixka haiek. Zenbait indiarren arimak salbatu arren, hainbat triburen erasoek bizimodua zaildu zieten etorkinei. Hizkuntza gaztelania zuten, eta abeltzainak, nekazariak eta eskulangileak ziren nagusi. Mestizoak ziren gehienak. Garai haietakoak dira egun ezagun egiten zaizkigun leku izenak: Durango, Pedernales, Laredo, Guadalupe, San Antonio eta, nola ez, Rio Grande mitikoa.
Mexikotik independentzia lortu zuen
Texas eraldatzen hasi zen independentzia lortu zuenean. Lur merke bila joaten ziren Ameriketako Estatu Batuetako etorkinak besoak zabalik hartu zituzten. Lurralde zabal eta gogor hura bilakatzeko eta indioengandik salbu egoteko nahi zituen gobernuak angloamerikarrak, hegoaldetik joandakoak gehienbat. Haiekin batera iritsi ziren esklaboak. Mexikok debekatua zuen esklabotza, baina ez ikusiarena egiten zuten Texasko agintariek, kotoia lantzeko oso baliagarriak baitziren afroamerikarrak. Gizarte berria ez zen katolikoa, protestantea baizik; ingelesa nagusi egin zen; eta hasieran cowboy mestizoen lanbide eta ohiturak zirenak, angloamerikarrek bereganatu zituzten. Halakoxea iritsi zaigu guri cowboy irudiaÉ
Gizarte horrek ez zuen begi onez ikusi Mexikok antolaketa federala ukatu eta zentralismoa ezartzea 1835ean. Iraultza hasi eta urtebete geroago aldarrikatu zuen Texasek independentzia. Aldarrikapenean parte hartu zuten 41 kideetatik bi baino ez ziren Texaskoak; bakarra zen mexikarra, eta hamarrek baino ez zuten Texas bizileku. Texasko Errepublikak hamar urte iraun zuen, 1845ean, erreferendum bitartez, AEBei atxikitzea erabaki baitzuen. Hamar urtetan Mexikok ez zuen onartu berea izandako lur sailaren independentzia. Texasek bizimodu errazagoa nahi zuen iparraldeko herrialde indartsuaren magalean. Alderdi Demokrata Texasen angloamerikarrak nagusitu zireneko garaikoa da. Aurkari politiko indartsurik ezean, demokratak jaun eta jabe ziren urte haietan. Nolanahi ere, segurtasuna eman behar zien herrialde erraldoi hark beste gerra batean sartu zituen Texas eta demokratak. Iparraldeko estatuek esklabotza salatzen zuten, nahiz eta bertakoen ustez ezinbestekoa zen Texasko ekonomiarentzat. Esklabistek banatzea defendatu zuten; esklaborik gabeko lurraldeetakoek, nekazariek eta abeltzainek ez zuten batasuna suntsitu nahi. Baina sezesioa, gerra zibila eta porrota pairatu zituen Texasek, 1861 eta 1865 bitartean.
Errepublikanoen sorrera
Handik gutxira sortu zen Texasko Alderdi Errepublikanoa,1867an. AEBetan ordurako historia luzea zuen alderdiak. Banakuntzaren kontrako unionistek demokrata ohiek, iparraldeko etorkinek eta bozkatzeko eskubidea bereganatu berria zuten beltzek osatzen zuten alderdia. Zuri pobreen eta beltzen eskubideak defendatzea zuen helburu, eta gerra ondoko lehen agintaldia eskuratu arren, ez zuen asko iraun boterean.
Sezesioaren porrotak Washingtonen arauak onartzera behartu zuen Texas. Esklabotza desagertu zen, baina gerrak ez zuen deuseztatu banatu aurretik botere ekonomikoa eta soziala zutenen indarra; errepublikanoen ondoren, berehala eskuratu zuten demokratek aginte politikoa. Alderdien gainetik, gehiengoak onartutako segregazioak bigarren mailako herritar bihurtu zituen, legez, beltzak. 1960an afroamerikarrak epaileen aurrean eskubideak aldarrikatzen eta eskuratzen hasi ziren arte.Mende hasieran, lehen petrolio hobi garrantzitsua aurkitu zutenean, bilatze eta zulatze lanei ekin zieten lurralde osoan. Petrolio enpresak handituz joan ziren mendeak aurrera egin ahala, eta, nekazari gizartea izan ondoren, industriaz eta hiriz beteriko gizartea osatu zen Texasen. Houston da gaur munduko petrolio enpresen bilgunea. 70eko hamarkadan, beste estatuetako jendea erakarri zuen industria berriak. Aldaketa demografikoak errepublikanoen gorakada geldoa baina ziurra eragin du. 111 urte itxaron behar izan zuten errepublikanoek, 1978an berriz ere gobernua eskuratzeko; igoera geldiezina izan dute geroztik. Bush familia halaxe etorri zen hona, etorkizun oparo baten bila. Lur saila erosi, etxola bat eraiki eta petrolio bila lurra zulatzen ibiltzen zirenei «zaborzale» esaten zieten betiko texastarrek. Halaxe esan zidan betiko familia demokrata bateko andreak. Dena dela, ohitura zaharrak ahaztu eta Bushen alde bozkatu du hark ere azken bozetanÉ Urrea beti urre, beltza izan arren.
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Urre beltzaren boterea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu