Niger ibaiaren deltako urak beltzez tindatu izan dira maiz azken urteetan. Petrolio isuriak etengabeak izan dira, baina petrolio konpainiek, erabateko zigorgabetasunarekin, putzuak ustiatzen jarraitu dute. Ingurunea eta hango biztanleen baliabideak erabat suntsitu dituzte, urre beltza nigeriarren madarikazio bilakatuz. NBE Nazio Batuen Erakundearen ikerketa baten arabera, 30 urte eta 700 eurotik gora beharko lirateke Nigerko Deltako Ogoniland eskualdea garbitzeko. Herbehereetako Royal Dutch Shell multinazionala jo du NBEk eskualdeko kutsaduraren erantzule nagusi.
Nigerian gertatu diren petrolio isuriak isilean gorde izan dira. Ez dute 2010ean BP enpresaren petrolio plataformaren eztandak Mexikoko Golkoan eragindako sarraskiaren, edota Exxon Valdez petrolio ontziak 1989an Alaskako kostaldean eragindako isuriaren oihartzunikizan. Dena den, istripu horietan baino petrolio gehiago isuri da Nigerko Deltan azken 50 urteetan; 1,5 milioi tonatik gora, hain justu.
Osasun kalteak
Petrolio multinazionalek, Shell eta Nigeriako Estatu Petrolio Konpainiak (NNPC), batik bat, eskualdeko biztanleen osasuna arriskuan jartzen dutela salatu du, bestalde, NBEk. Izan ere, azpiegiturak eta petrolio hondakinak modu egokian kudeatu ez izanak ondorio larriak eragiten ditu.
Ikerketaren arabera, gutxienez ogoni etniako hamar komunitatetan hidrokarburoekin kutsatutako ura edaten dute, euren osasuna arriskuan jarriz. Nisisioken Ogale komunitatean, esaterako, biztanleek edaten duten urean minbizia sortzen duen bentzenoaren maila Munduko Osasun Erakundeak onartutakoa baino 900 aldiz altuagoa dela jakinarazi dute. Ogoni etniakoek, baina, ez dute uste NBEren txostenak ezer aldatuko duenik. «Agintarien apalak txostenez beteta daude», adierazi du etniako buruzagi batek.
NBEren txostenak datu berririk argira atera ez duela dio, bestalde, NNPC konpainiak. Enpresak salaketak ukatu ditu, eta isuri guztiak garbitu dituztela adierazi du.
«Petrolio enpresentzat gure biziak ez dauka baliorik», kexu da Williams Mkpa ogoni etniako bizilaguna. «Azken urteotan hainbat eta hainbat isuri jasan ditugu, eta arrantzaleek jada ezin dituzte euren familiak aurrera atera», azaldu du. Izan ere, batik bat arrantzatik bizi ziren komunitateen bizimodua suntsitu du petrolioaren negozioak.
Urteetako borroka
Ogoni etniako kideek urteak daramatzate petrolio konpainiei kalte-ordainak eskatzen, baina euren hitza kontuan hartzen ez dutela salatu dute. «Hemen gertatzen dena beste nonbait gertatuko balitz multinazionalek eragindako kalteak ordaindu beharko lituzkete», kritikatu du arrantzale batek.
MOSOP Ogoni Herriaren Biziraupenerako Mugimenduak NBEren txostena Shell konpainiaren publizitate kanpaina dela salatu du, bestalde. Izan ere, txostena kaleratu baino egun bat lehenago Shell konpainiak 2008an eta 2009an gertatutako bi petrolio isuriren ardura bere gain hartu zuen, eta kasua Nigeriako legediaren esku jarriko zuela iragarri zuen. Orain arte, isuriak lapurreta eta sabotajeen ondorio zirela zioen multinazionalak, baina enpresaren azpiegituretan akatsak zituztela onartu dute orain. Txostena eta isuriak onartzearena kaltetutako biztanleei ahalik eta gutxien ordaintzeko estrategia dela diote MOSOPeko kideek. Shell konpainiaren finantzaketari esker egin du, hain justu, NBEk petrolio isurien inguruko ikerketa hori.
Shellek 90eko hamarkadan Nigerko Deltan petrolioa ustiatzeari utzi behar izan zion, haren aurka Ken Saro Wiwa poetak zuzendutako kanpaina baten ondorioz. Petrolio konpainien eskrupulu falta salatu zuen Saro Wiwak, eta munduko petrolio esportatzaile nagusienetariko batean biztanleen gehiengoa pobrezian bizitzea ere leporatzen zien. Urre beltzaren madarikazioa salatu zuen poetak: « Mendebaldeko multinazionalen mesederakohartutako erabaki politikoek eragin dute jendea pobrezia gorrian bizitzea». Ogoni etniako beste zortzi ekintzailerekin batera atxilotu zuten, eta 1995ean, sarraski baten erantzule izatea leporatuta urkatu egin zituzten guztiak. Ogoni etniako kideek eta nazioarteko hainbat begiralek epaiketa fartsa bat izan zela salatu zuten, eta Shell konpainia tartean zegoela adierazi zuten.
Urre beltzaren madarikazioa
Petrolio multinazionalek etengabeko isuriak egin dituzte Nigerko Deltan azken urteetan. NBEren arabera, 30 urte eta 700 milioi eurotik gora beharko lirateke eskualdea garbitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu