Ne Win jeneralak 1962an estatu kolpea eman zuenetik junta militar baten pean dago Birmania. NLP Demokraziarako Liga Nazionalak 1990ean egin ziren hauteskundeetan erraz irabazi bazuen ere, agintari militarrek inoiz ez zioten garaipena onartu. Oposizioko kideak erbestean babestu ziren orduan. Bakearen Nobel saridun Aung San Suu Kyiri etxe barruko atxiloketa ezarri diote hirutan. Iazko abuztuan lehen ministro izendatu zuten Khin Nyunt izan da urteotan oposizioko kideak askatzeko eta demokraziaren bidean aurrera egiteko prest agertu den agintari militar bakarrenetakoa hogei urtez inteligentzia zerbitzuetako zuzendaria izan zen eta presidentetzara iristeko asmoa agertu zuen behin baino gehiagotan. Demokrazia ezartzeko bake egitasmoa iragarri zuen iaz kargua hartu baino lehen. Junta militarreko presidente Than Shwe jeneralak, alta, lehen ministroari etxe barruko atxilotzeko agindua ezarri zion urrian eta kargutik kendu zuen. Erregimenak kontrolatzen duen telebista publikoan lehen ministroa «osasun arazoak zirela medio» erretiratu zela adierazi zuten. Azken hilabeteotan inteligentzia zerbitzuetako kide gehiagori ezarri diete etxe barruko atxilotzea. Birmaniako Atzerri ministro Tin Hlaing koronela ere kargutik kendu dute. Junta militarraren barruan dagoen barne borroka agerian gelditu dela diote adituek: «Barne borroka sakona eta zabala da». Armadako buruzagi Maung Aye jeneralaren ikuspegi irmoak, ikuspegi irekiagoa duten inteligentzia zerbitzuetako kideena baino indar gehiago izan duela uste dute.Kargutik kendu dituzten bi agintariek nazioarteko presioa murrizteko asmoak agertu zituzten eta asmo horiek kontrola galtzeko beldurra areagotu zuten junta militarrean. Nyan Win Atzerri ministroak «normala» iritzi zion lehen ministroa kanporatzeari. Agintari militarren ildo gogorrari eusten dion Soe Win jenerala izendatu zuten lehen ministro. Iaz 70 hildako eragin zituen operazio militarra zuzendu zuen Winek.AEB Ameriketako Estatu Batuetako Demokraziarako, Giza Eskubideetarako eta Lanerako Estatu idazkariorde Lorne Cranerren arabera, horrelako neurriak espero zituzten: «Junta militarrak demokraziaren bidean trantsizio baketsu bat egiteko agertu dituen adierazpen zintzoak zalantzan jarri ditugu beti eta orain agerian gelditu da gure zalantzak justifikatuta zeudela. Birmaniako etorkizun demokratikoaren inguruan genituen uste okerrenak errealitate egin dira».
Torturak, bortxaketak, hilketak...
Urteotan giza eskubideak etengabe urratu dituzte agintariek; hain izan dira sistematikoak urraketak, behinola nagusi izan ziren etnien arteko borrokak bigarren mailara pasa diren 1.400 etnia daude herrialdean. NBE Nazio Batuen Erakundea, HRW Human Rights Watch eta AI Amnesty International erakundeek torturak, bortxaketak, hilketak eta jazarpena salatzen dituzte urteroko txostenetan. AEB eta EB Europako Batasunak, berriz, bahimendua areagotu eta zigor neurriak ezarri dituzte.
Nazioartearen presioaren eraginez, iragan azaroan 9.248 preso askatzeko asmoa iragarri zuen Rangunek 100.000 preso daude orotara, tartean 1.400 preso politiko. Oposizioaren arabera, ekonomikoki itotzear dagoen garaietan hartzen dituzte neurri sinboliko hauek agintariek aurrekontuaren erdia gastu militarretara bideratzen dute.Inteligentzia zerbitzuen arabera, aske jarriko dituzten presoak «modu ez zuzenean» espetxeratu zituzten. Oposizioak 400 disidente aske jarriko zituztela espero bazuen ere, soilik 40 preso politiko askatu dituzte beste 600 gaizkile arrunt. Min Ko Naing dago aske jarri dituzten oposizioko kideen artean, hain zuzen ere, 1988. urtean matxinada zuzendu zuen ikaslea. NBEko idazkari nagusi Kofi Annan pozik agertu zen neurriarekin eta preso politiko guztiak askatzeko eskatu zien agintariei. NLDko sortzaile Win Tin idazlea eta kazetaria ere aske jartzea espero da. Demokraziaren ikur den Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunari, alta, beste urtebetez luzatu diote etxe barruko atxiloketa.
-
Kronologia
1948: Erresuma Batuaren independentzia lortu zuen.
1962: Ne Win jeneralak estatu kolpea eman eta geroztik junta militar batek agintzen du.
1987: Ne Win jeneralaren BSPP Birmaniako Programa Sozialistaren Alderdiak diruaren balioa gutxitu zuen herritarren haserrea eraginez.
1988: Ikasleek protestak abiatu zituzten. Birmaniako Armadak ehunka manifestari hil zituen hiriburuan izandako borroketan.
1989: Oposizioko NLD Demokraziarako Liga Nazionaleko presidente Aung San Suu Kyiri etxe barruko atxiloketa ezarri zioten.
1990: Hauteskundeak egin eta NLD alderdiak irabazi zituen bozak. Junta militarrak ez zituen emaitzak onartu. Erbestean gobernua eratu zuen oposizioak.
1991: Aung San Suu Kyiri Bakearen Nobel saria eman zioten.
1992: SLORC Estatuko Legea eta Ordena Berrezartzeko Kontseilua eratu eta Than Shwe jeneralak presidente kargua hartu zuen.
1995: Suu Kyi askatu zuten.
1997: SLORC SPDC Bake eta Garapenerako Estatu Kontseilua bilakatu zen.
2000: Etxe barruko atxiloketa ezarri zioten berriro Suu Kyiri.
2002: Nobel sariduna aske utzi zuten. Ne Win jenerala hil zen.
2003: Oposizioko kide eta indar armatuen artean borrokak izan eta 70 pertsona hil ziren. Suu Kyiri etxe barruko atxiloketa ezarri zion junta militarrak.
2004: Junta militarrak 9.000 preso askatzeko asmoa iragarri du. Khin Nyunt lehen ministroa kargutik kendu dute.