Habanan 44 hilabetez aritu dira hizketan, eta bart iragarri dute bake elkarrizketen amaiera. Luciano Marin Arango Ivan Marquez Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako negoziazio taldeko buruak jarri dio ahotsa iragarpenari: "Habemus pacem. Bakea dugu. Gora Kolonbia!". Marquezek esan du "batailarik ederrena" irabazi dela: "Armen gerra amaitu da, eta ideien eztabaida hasi da".
FARCek datozen egunetan eztabaidatuko du bake akordioa Kolonbiako Konferentzia Gerrillarian, eta herritarrek urriaren 2an onetsi edo ezetsiko dute akordioa, erreferendum bidez. Juan Manuel Santos Kolonbiako Gobernuko presidentea argi mintzatu zaie herritarrei: "Gure bizitzetako bozketa garrantzitsuena izango da".
Santosek iragarri duenez, FARCek bozeramaileak izango ditu Kolonbiako Kongresuan 2018ra bitartean —"ahotsa bai, baina botorik gabe"—, eta data horretatik aurrera hauteskundeetara aurkeztu ahal izango dira. Akordioen ezarpenari buruzkoak baino ezingo dituzte eztabaidatu FARCekoek. Gerrillak parlamentuan ordezkaritza izatea defendatu du Santosek berak: "Bakea iraunkorra izan dadin, bermatu behar dugu armetan altxatu direnak bizitza zibil eta legalera itzuliko direla".
Marquezek azpimarratu du akordioa "zailtasunez betea" egon dela baina "bihotzez landu" dutela, "aberriarekiko eta Kolonbiako txiroekiko maitasunez".
Gai nagusiak, itxita
Ekainaren 23an erdietsi zuten behin betiko su-etena adostu zuen akordioa, eta orain beste urrats bat egin dute. Negoziazioak amaitu arren, bi aldeek aitortu dute oraindik hutsune txikiak geratzen direla argitzeko, baina itxiak dituzte gai nagusiak —lurrak, droga trafikoa, biktimak, justizia eta armagabetzea—. Adosten azkeneko gaiak, berriz, gerrillari presoen amnistia eta horien gizarteratzea dira. Akordioaren bidez, espero dute amaitzea 52 urte iraun duen gatazka armatua. Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionalak egindako Aski da! Kolonbia: gerra eta duintasun memoriak txostenaren arabera, 1958az geroztik 218.000 pertsona hil dira, 25.000 desagertu eta beste 10 milioi desplazatu. "Erailketa selektiboen" bidez hildakoak 173.000 dira; gehienak, FARCen aurkako eskuin muturreko talde paramilitarren eskuetan.
Akordioa sinatzen duten egunetik hasita, gerrillak 180 eguneko epea izango du arma guztiak uzteko. Gerrillariak kanpaleku batzuetan egongo dira bilduta armagabetzeak dirauen bitartean, eta prozesua NBEren nazioarteko bitartekari talde batek egiaztatuko du. Kolonbiako Kongresuaren ardura izango da legeak sortzea itunean zehaztutakoa bermatzeko, eta haren onarpena berresteko herri galdeketa bat egitea. Haatik, behin betiko akordioak adosten duena ez da indarrean sartuko herriak ezezkoa ematen badio erreferendumean. Dena den, aurretik, gobernuak asmoa du ekitaldi jendetsu bat antolatzeko nazioarteko agintariekin batera, herriaren baiezkoa bermatzeko. FARCek, berriz, barne batzar batera deituko du, oinarriak adieraz daitezen gobernuarekin adostutakoari buruz. Hura onartzean, FARCek gerrilla izateari utziko dio, eta alderdi politiko bilakatuko da.
2012ko azaroaren 19an hasi zen negoziazio prozesua Habanan. 2013ko maiatzaren 26an erdietsi zuten alde biek lehenbiziko akordioa, lurren banaketarekin eta landa garapenarekin lotua; azaroaren 6an, berriz, parte hartze politikoarena adostu zuten. 2014ko maiatzaren 16an beste bat itundu zuten legez kanpoko uztei eta narkotrafikoaren aurkako borrokari buruz. Joan den irailaren 23an erabaki zuten gerra krimenen arduradunak epaitzeko eskumen bereziak dituen auzitegi bat sortzea. Pauso garrantzitsu bat izan zen, eta hark ahalbidetu zuen 2015eko abenduaren 15ean biktimen erreparazioa hitzartzea.