Al Fata eta Hamas alderdi palestinarrek urriaren lehen astean egingo dute bilera Kairon, duela lau hilabete sinatu zuten akordioa blokeo egoeratik atera eta batasun nazionalaren bidean sakontzeko.
«Berradiskidetze ituneko artikuluak praktikara eramateko eta aurrera egiteko borondatea dago bi aldeetan», adierazi du Azam al Ahmad Al Fatako Batzorde Zentraleko kideak. Bestalde, Mahmud Abbas PANeko presidenteak baieztatu du bi alderdiek ez dutela batasun nazionaleko gobernu bat osatuko, eta ez dutela horretarako ordezkarien banaketarik egingo. «Teknokrata independenteek osatutako trantsiziorako gobernu bat osatuko dugu», azaldu du Abbasek.
Kritikak elkarri
Bi aldeek batasunerako nahia erakutsi arren, ordea, azken egunotan gogor kritikatu dute elkar. Hamasek Abbasen jarrera gaitzetsi zuen joan den astean, «batasuna lehenetsi ordez, NBEra joan delako». Era berean, Al Fatak Hamasen jarrera gaitzetsi du Gazan Abbasen aldeko manifestazioak egitea galarazi izanagatik.
Bestetik, Israelgo Poliziak Ahmed Abu Atun Hamaseko diputatua atxilotu zuen atzo Jerusalemen, «Hamasekin lotura duten jarduerak egiteagatik». Izan ere, Israelek, AEBek eta EBk «erakunde terroristatzat» jotzen dute Hamas alderdia. Joan den urtean Tel Avivek Jerusalemdik alde egiteko agindua eman zion Atuni, baina, ihes egin beharrean, Gurutze Gorriaren eraikinean babestu zen. Hamaseko beste diputatu bat eta ministro ohi bat ere han daude, lekuko komunikabideen arabera.
Urriaren hasieran bilduko dira Al Fata eta Hamas
Israelek Gurutze Gorrian gordeta zegoen Ahmed Abu Atun Hamaseko diputatua atxilotu du Jerusalemen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu