Legealdia abiatzeko lehen urratsa urtarrilaren 17an egingo dute Katalunian. Legebiltzarra osatuko dute egun horretan, eta hark izango du gero gobernuburu berria aukeratzeko lana. Presidenteak, gero, Generalitatea osatuko duten kontseilariak aukeratuko ditu.
"Zentzugabea da atzerrian bizita Katalunia gobernatzeko aukera planteatzea", esan du, Carles Puigdemonten hautagaitzari dagokionez. "Ihes eginda dagoen pertsona bat" ez lukeela bere alderdiko hautagai jarriko gaineratu du.
Urtearen balorazioa egiten ari zenean eman du berria Rajoyk, Moncloan. Ez dela urte erraza izan onartu du, batik bat Kataluniako auziari erreferentzia eginez. "Legea bete zedin aplikatu dugu legea". 155. artikulua lehen aldiz aplikatu dela ekarri du gogora, eta horrekin "demokraziaren kalitate ona" erakutsi dutela uste du.
Osatzear dagoen Generalitate berriari ohartarazi dio, ez jartzeko Espainiako Estatua "frogan" berriz ere. Gainera, "borondaterik onena" azaldu nahi izan dio elkarrizketa "eraikitzaile, ireki eta errealista" abiatzeko, "betiere legearen barruan".