Hirugarren aldiz bozkatu dute Greziako Parlamentuan estatuko presidentea aukeratzeari buruz, eta Stavros Dimas hautagai kontserbadoreak ez du lortu presidente izateko adina botorik jaso; hamabira geratu da. Hirurehun parlamentarietattik 180ren babesa behar zuen, eta bigarren bozketako emaitzak errepikatu dira; 168 Dimasen alde.
Andonis Samaras lehen ministroak ohartarazia zuen Dimas presidentetzarako hautagaia babesten ez duena Syriza ezkerreko oposizioa babesten ariko dela: "Inork ez du eskubiderik izango ez zekiela esateko".
Iragan asteartean egin zuten presidentea aukeratzeko bigarren bozketa, eta 200 parlamentariren babesa behar zuen orduan Dimasek —ganberaren bi heren—. 168 lortu zituen, eta, beraz, hirugarren aukera izan du gaur. Lortu ez duenez, ordea, hauteskundeak aurreratu beharko dituzte, eta Syriza dago inkesten buruan. Alderdi horren mamua astindu du Samarasek parlamentarien babesa lortzeko.
Ez da ezusterik izan bozketan, ez baitzen espero Dimas 180ra iristea. Gobernuko bi indar nagusienaz gain —Demokrazia Berria eta Pasok—, 25 legebiltzarkide independenteetatik 13ren babesa jaso zuen bigarren bozketan Samarasen hautagaiak. Syrizak (71), Egunsenti Urrekara neonaziak (16), ANEL nazionalistak (12), KKE komunistak (12) eta Dimarrek (9) kontrako botoa iragarria zuten gaurko ere, eta, diputatu independente guztien babesa behar zuen Demokrazia Berriak bere hautagaia presidente izateko.
Greziako Konstituzioak hamar eguneko epe bat aurreikusi du parlamentua desegin eta hiruzpalau astera hauteskundeetara deitzeko; urtarrilaren 25erako iragarri ditu bozak Samarasek.