Palestina

Urte amaieran Ekialde Hurbilerako bake proposamena aurkeztuko du Kerryk

Abbasek iragarri du ez duela onartuko Jerusalem ekialdea hiriburutzat ez daukan estaturik; lur eremu batzuk trukatzeko prest legoke, baldin eta haien balioa parekoa bada.

Samara Velte.
2013ko abenduaren 23a
16:40
Entzun

Bihar zortzi, Ekialde Hurbileko gatazka konpontzeko bake akordioaren zirriborro bat proposatuko du John Kerry AEBetako Estatu idazkariak. Washingtonek diseinatutako akordio oinarriak Palestinako estatuaren mugak zehazten ditu, Mohammad Sbeih Arabiar Ligako idazkari nagusiak iragarri duenez.

PAN Palestinako Aginte Nazionala eta Israelgo Gobernua joan den uztailetik ari dira gatazka konpontzeko negoziazioetan, eta Kerryk berak egin ditu bitartekari lanak. Printzipioz, bederatzi hilabete iraungo dute bake elkarizketek, eta udaberrirako lortu nahi dute oinarrizko akordio bat. Datorren asteartean emango die Kerryk Washingtonen proposamenaren berri.

Mahmud Abbas PANeko buruak iragarri du ez duela edukiari buruzko baloraziorik egingo; horren ordez, herrialde arabiarrei aurkeztuko diela, "erabaki bateratu" bat hartzeko. Dena den, PANentzat negoziaezinak diren baldintzak zerrendatu ditu: Jerusalem ekialdea Palestinako hiriburu izatea eta Israelek bere soldaduak beranduenez hiru urteren buruan erretiratzea. Palestinak ez luke Israel estatu gisa aitortuko, eta zenbait lur zati trukatzeko prest legoke, baldin eta haien balioa parekoa bada. Trantsizioko gobernu bat ere ez du nahi PANek, Maan Palestinako berri agentziaren arabera; "amaierako irtenbide" bakarra nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.