PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek nazioartean bilatu du etxean aurkitu ez duen babesa. NBE Nazio Batuen Erakundearen batzar orokorrean hartu du hitza buruzagi palestinarrak, eta urtebeteko epea eman zion Israelgo Gobernuari 1967ko mugetara itzultzeko. «Gure pazientziak eta gure herriarenak muga bat dute», esan du, eta ohartarazi du, eskatutakoa bete ezean, Nazioarteko Zigor Auzitegira joko dutela.
Nazioarteko buruzagien aurrean Abbasek berretsi du palestinarrek euren herria eta nortasuna «defendatzeko eskubidea» dutela, baita eurenak dituzten lurrak ere. «Israelek entzungor egin izan dio beti bi estatuen irtenbideari, nahiz eta jakin NBEk onartutako irtenbidea hori dela. Hark bere konpromisoak betetzen ez baditu, zergatik onartu beharko genuke guk 1967ko mugetan sortutako herrialdea?».
PANeko presidenteak babesa ere eskatu dio nazioarteko komunitateari, eta gogorarazi kolonialismoa eta apartheid erregimena debekatu egiten dituela nazioarteko zuzenbideak. «Tel Avivek ez ditu bete bere eginbeharretako bakar bat ere, eta aldiz, palestinako agintariek ez diote inoiz uko egin bakea lortzeko benetako irtenbide bakar bati. Erregimen kolonialak erabaki du gure herrialdea desagertu egingo dela, horretarako noiz arte itxaron behar duten axola gabe».
Aurtengo maiatzean eta uztailean egitekoak zituzten hauteskundeak ere aipatu ditu agerraldian buruzagi palestinarrak. Abbasek esan du nazioarteari dagokiola Israel estu hartzea Jerusalem ekialdeko palestinarrei bozkatzen utz diezaien. Hori izan zen PANeko presidenteak argudiatutakoa bozak sine die atzeratzeko, hau da, Tel Avivek ez ziela bozkatzeko baimenik ematen Jerusalem ekialdean bizi ziren herritar palestinarrei. Aldiz, Hamasen gertuko iturriek egotzi zioten, bozak galtzeko beldurragatik hartu izana erabakia.