Juan Gelman poetak eta haren ilobak une samur bat izan zuten atzo, urtetan bizi izan duten laztura etengabearen ostean. Giza Eskubideen Amerika Arteko Auzitegian 2006an ezarritako salaketaren ebazpenean euren alde egin dute epaileek; Uruguaiko Estatua zigortu baitute poetaren semea eta erraina eta ilobaren gurasoen bahiketa eta desagerpena dela eta. Marcelo Gelman eta Maria Claudia Garcia Buenos Airesen atxilotu zituzten diktadurako militarrek 1976ko abuztuaren 24an. Senarra kartzelatu, torturatu eta hil egin zuten, eta, emaztea, berriz, bahitu egin zuten, haurdun zegoela aintzat hartuta. Uruguaira eraman zuten emakumea alaba izan zuen arte; orduz geroztik ez zuten haren berri izan. Polizia baten eskuetan jarri zuten alaba, harik eta 23 urte zituenean bere benetako identitatea berreskuratu zuen arte.
Macarena Gelmanek behin baino gehiagotan hartu du parte lekuko gisa auzi horren harira zabalik egon diren prozesuetan. Diktadurako militarrei immunitatea ematen dien legeak indarrean egoteak, baina, auziek aurrera egitea eragotzi dute, eta horregatik jo zuen Giza Eskubideen Amerika Arteko Auzitegira.
Quiton iazko azaroan egin zen saioan ere salaketan arrazoiak azaldu zituzten ilobak eta aitonak. Carlos Mata Uruguaiko Estatuaren ordezkari gisa aritu zen, eta diktadura garaian giza eskubideen urraketak egin zirela onartu bazuen ere (1973-1985), demokrazia garaian estatuak erantzukizunak ez zuela defendatu zuen. Macarena Gelmanek tesi horren kontra egin zuen, argudiatuta ikerketak egin ez ziren neurrian demokrazian ere urraketak egin zirela. Matak Egiaren Batzordeak 2003an argitaratutako txostenari egin zion erreferentzia ikerketak egin direla frogatze aldera, baina epaileek ebatzi dute orain bide horrek ez duela emaitzarik izan.
Immunitate Legea
Uruguaiko Estatuak auziaren inguruko ikerketa egin beharko du orain, «erantzukizun penal eta administratiboak» argitze aldera, eta desagertutako emakumearen bilaketa egin beharko du. Sendiari, berriz, 185.000 dolarreko kalte- ordaina eman beharko dio. Immunitate Legeak ez duela diktadura garaiko auziak ikertzeko garaian eragozpena izan behar ebatzi du, era berean, Giza Eskubideen Amerika Arteko Auzitegiak. Uruguain bitan sostengatu dute herritarrek legea erreferendumen bidez.
Argentinan, bestalde, diktadurari bide eman zion estatu kolpe militarraren 35. urteurrena izan zuten gogoan atzo (1976-1983). Justiziaren eta Egiaren Memoriaren Eguna izendatu dute eguna hildako 30.000 lagunen omenez. Diktadurako erantzuleen kontra orain artean egin diren epaiketetan 200 lagun zigortu dituzte.
Uruguaiko Estatua zigortu dute diktadura garaiko desagerpen baten harira
Juan Gelman poetak eta haren ilobak ezarritako salaketa ebatzi du Giza Eskubideen Amerika Arteko Auzitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu