Filtroko sarraskia

Uruguaitik heldu zen taupada

Askapena elkarteak Filtroko sarraskia gogoratuko du gaur, Oñatin. Uruguaiko herriak erakutsitako "duintasuna" omendu nahi dute elkarteko kideek.

1994an Uruguaik hiru euskal iheslari estraditatu zituen lehenengoz. Erabakiak diktaduraz geroztik gertatutako liskar larrienak eragin zituen. BERRIA
Ion Orzaiz.
2014ko ekainaren 20a
23:42
Entzun

Poliziaren jazarpenetik ihesi atzerrira joan, eta deserrian ere errepresio bortitza pairatu. Horixe gertatu zitzaien Manueltxo Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskal errefuxiatuei, duela bi hamarkada. 1994ko abuztuaren 24an, haien kontrako estradizio agindua onartu zuen Uruguaiko Gobernuak, eta milaka pertsona kalera atera ziren, euskal herritarrei babesa adierazteko. Uruguaiko diktaduraz geroztik gertatutako istilu larrienak eragin zituen Poliziak egun hartan: ehunka zauritu, dozenaka atxilotu eta bi hildako izan ziren. Sarraski hori gogora ekarri nahi du Askapena erakundeak, Errefuxiatu eta Iheslarien Nazioarteko Egunean.

Filtroko gertakaria gogoratzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Askapenako kideek Oñatin, hangoa baita Uruguaitik estraditatutako iheslarietako bat: Manueltxo Goitia. Haren antzera ihes egin zutenei omenaldia egingo diete gaur, eta Euskal Herriaren eta Uruguairen arteko harremana sendotzeko ere baliatuko dute ekitaldia.

Montevideoko manifestarien jarrera txalotu zuten Askapenako ordezkariek Oñatiko ekitaldiaren aurkezpenean: "Herrien arteko samurtasunak mugarik ez duela erakutsi ziguten Uruguaiko herritarrek, eta torturaren nahiz inperialismoaren aurrean, kaleak hartu eta euskal militanteak uruguaitarrak balira bezala defendatu zituzten, bizia emateraino".

Irmotasun erakustaldia

1990eko hamarkadaren hasieran, Goitia, Lizarralde eta Ibañezek Euskal Herritik ihes egin zutenean, alderdi sozialistak gobernuan ziren Madrilen zein Parisen. Espainiarentzat, gainera, urte bereziak ziren horiek: ate-joka zituen Bartzelonako Olinpiar Jokoak nahiz Sevillako Expoa. Nazioartea begira zuen Felipe Gonzalezen gobernuak, eta irmotasun irudia zabaldu nahi izan zuen, "ETAren kontrako operazioak" abiatuta. Uruguaiko euskal iheslariena izan zen horietako bat.

Garai hartan, La Trainera izeneko jatetxea gobernatzen zuten euskal herritarrek Montevideo hiriburuan. 1992ko maiatzean, baina, Uruguaiko Polizia jatetxera sartu zen, eta sarekada bakarrean atxilotu zituen jatetxeko 30 langile; tartean, hamahiru euskal errefuxiatu. Herrialdera sartzeko dokumentazio faltsua erabiltzea leporatu zieten. Horren atzean, ordea, Espainiako Gobernuaren eskua zegoen.

Madrilen interesaren erakusle izan zen gobernuak Montevideora bidalitako ordezkaritza: Carlos Bueren Auzitegi Nazionaleko epailea, Rafael Vera garai hartako Estatu Segurtasunerako idazkaria eta Espainiako Poliziaren bi goi kargudun. Ezker abertzaleak, bestalde, delegazio propioa igorri zuen herrialdera: Karmelo Landak, Juan Mari Olanok eta Jon Idigorasek osatzen zuten lantaldea, besteak beste.

Euskal Herriko ordezkaritza hark lan diplomatiko handia egin zuen, eta eragile politiko asko akusatuen aldera lerratzea lortu zuen. Horrez gainera, babes politikorako sentsibilitate berezia zegoen garai hartan Uruguain; alde batetik, uruguaitarren %30 eta %40 artean euskal jatorrikoak direlako, eta, bestetik, diktadura amaitu berritan uruguaitar errefuxiatu asko etxera itzultzen hasiak zirelako.

Gizartearen presio horrek ezustean harrapatu zuen Espainia. Euskal errefuxiatuen aldeko elkartasun kanpaina abiatu zen, eta estradizio bizkorra zirudiena bi urteko prozesu amaigabea bihurtu zen Madrilentzat. Kasuak banan-banan aztertzen hasi zen Uruguaiko Justizia, eta denbora tarte horretan, auzipetu gehienak aske gelditu ziren.

Manifestazio ugariren eta bi gose grebaren ostean, Espainiaren presioa areagotu egin zen. Bigarren greba horrek izan zezakeen arriskua zela medio, Filtro ospitalera eraman zituzten Goitia, Lizarralde eta Ibañez. Kanpoan, protestak indartu egin ziren. Abuztuaren 23an, Uruguaiko sindikatu nagusiak greba orokorrera deitu zuen. Ordurako, ordea, estradizioaren erabakia hartua zegoen. 4.000 pertsonak inguratu zuten ospitalea, eta Polizia tiroka oldartu zitzaion jendetzari. Biktimen artean, bi hildako: Roberto Facal eta Fernando Morroni. Euskal iheslariek ospitaletik ikusi zuten triskantza.

Ordutik, Uruguaiko Gobernuak ez du bere gain hartu Facalen heriotza. Bai, ordea, Morronirena. Haren senideei kalte-ordaina eskaini zien, baina Fernandoren ama Norma Morronik uko egin zion dirua jasotzeari: "Semea hil eta gero, zuen dirua onartuko dudala uste al duzue? Fernandori hiru lezio nagusi irakatsi nizkion: elkartasuna, konpromisoa eta duintasuna. Dirua onartzea horren guztiaren kontra egitea izango litzateke".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.