Kolonbiako presidentetzarako bozen lehen txandak gezurtatuegin ditu inkesten iragarpenak. Izan ere, U Alderdiko hautagai ofizialista Juan Manuel Santosek botoen %46,56 bereganatu zituen atzo, eta, aldiz, bozen %21,49 bildu zituen haren lehiakide zorrotzenak, Alderdi Berdeko hautagai Antanas Mockusek. Hauteskundeen aurreko boto emate asmoetako azterketek, haatik, alde estua iragartzen zuten bi hautagai nagusien artean, nahiz eta Santosek gora egin azken aldiotan. Horiek hala, azken zortzi urteetan presidente karguan egon den Alvaro Uriberen jarraitzaile leialak aukera handia du ekainaren 20an egingo duten presidentetzarako bigarren txanda irabazteko.
Santos eta Mockusen atzetik geratu dira nabarmen igandeko bozetara lehiatzen ziren beste hautagaiak. Hala, hirugarren lekuan geratu da Errotiko Aldaketako German Vargas Lleras botoen %10,13rekin; eta ondotik, hurrenez hurren, ezkerreko PDA Polo Demokratiko Alternatiboko Gustavo Petro %9,15ekin; Alderdi Kontserbadoreko Noemi Sanin %6,14rekin; eta Alderdi Liberaleko Rafael Pardo %4,36rekin.
Bigarren txandan lehiatuko direnak, beraz, Santos eta Mockus izango dira. Horien garaipena, ordea, lehen itzulian kanpoan geratu diren hautagaien babesaren araberakoa izango da. Eta hori kontuan hartuta, U Alderdikoak ditu aukera argienak Uriberi lekukoa hartzeko. Ezen, Vargasen eta Saninen alde bozkatu dutenen babesa lortzea logikoa litzatekeelarik, Santosek botoen %62,83 lortuko lituzke.
Mockusek, aldiz, aukera askoz ere txikiagoa du ezkerreko zein zentroko hautagaien aldekoen botoak osoki bereganaturik ere. Izan ere, Petroren eta Pardoren alde bozkatu dutenen boto guztiak batuta, Alderdi Berdekoak doi-doi gaindituko lituzke bozen %35. Hortaz, Bogotako alkate ohiak espero lezakeen gertakizun bakarretatik bat da lehen itzulian etxean geratu diren hautesleen %50,7tik askok bere alde bozkatzea ekainaren 20an.
Lehen txandako bere garaipen zabala ospatzerakoan, eskerrak eman dizkio Santosek Uriberi. «Presidente jauna, garaipen handi hau zeurea eta zuk eginiko lan eskerga aurrera eraman nahi dugunona da. Kolonbiar gehienek zure lorpenak eta planteamenduak babesteko botoa eman dute». Herenegun arratsean Bogotan bildutako milaka jarraitzaileei hitz egin, eta hauxe eskatu du: «Bigarren txandan, erabateko aldaketaren bultzatzaile izateko aukera daukazue; gure herrialdea indarkeriatik, droga trafikotik, eroskeriatik eta gizarte ezberdintasun handietatik askatuko duten aldaketa».
Batasun nazionalerako deia
Ekainaren 20an garaile irtengo dela aurreikusita bezala, Uriberen gobernuan Defentsa ministro izan denak batasun nazionalerako deia egin die Kolonbiako herritarrei eta indar politikoei, «herrialdea aurrera bidean jartzeko eta terrorismoa, langabezia, ustelkeria eta zigorgabetasuna porroterat eramaiteko». Ez da ziur, haatik, Mockusek bat egingo duenik Santosen gomitarekin. Alderdi Berdeko hautagaiak animatu nahi izan ditu lehen txandako emaitzekin atsekabetuta geratu diren haren jarraitzaileak. «Ekainaren 20an garaile irteteko, berrikuntzak bultzatzeko gaitasuna erakutsi behar dugu».
Santosen garaipen zabalak badu, ziur asko, zerikusirik Defentsa ministro karguan egon zenean egindakoekin. Ezen, 2006ko uztaila eta iazko maiatza bitartean jardun horretan egon zelarik, Santosek kolpe oso gogorrak eman zizkien FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako gerrillariei. Hala, Kolonbiako armadak 2008an Ekuadorko iparraldean eginiko erasoaldi batean, FARCeko bigarren Raul Reyes eta ustezko 24 gerrillari hil ziren. Bestetik, urte bereko martxoarenamaieran hil zen ere FARCeko buruzagi goren Manuel Marulanda Tirofijo. Santosen eta Kolonbiako militarren arrakasta gisa jotzen dute, baita ere gerrilla erakundeak urtetan gatibu izan zituen Ingrid Betancourt presidentetzarako hautagai ohia, 11 militar kolonbiar eta hiru estatubatuar askatzea, 2008ko uztailaren 2an burutu zen Xake operazioan.
Defentsa ministro gisa jardun duen denboran, ordea, Santosek ez du lortu FARC erabat desegitea. Kolonbiako Gobernuari gogor egiten jarraitzen dute oraindik ere 8.000 eta 10.000 bitartean liratekeen gudukariek, eta eragin handia dute herrialdeko nekazaritza eremuetan.
FARCek, hain zuzen ere, presidentetzarako bozetan ez parte hartzeko deia egin zien herritarrei, eta hauteskundeak trabatzeko ahaleginetan arituko zirela ohartarazi zuen. Hala, bozketa egunean, borrokak izan ziren Kolonbiako zazpi eskualdetan. Horien ondorioz, gutxienez lau soldaduk eta gerrillari batek bizia galdu zutelarik. Bogotako aginteak, alta, indar asko jarri zuen bozketa horietan segurtasuna bermatzeko, aitzakia horrekin 300.000 soldadu eta polizia mobilizatu baitzituen.
Kolonbiako gizarteko desberdintasunek eta bidegabekeriek bere horretan jarraitzen duten bitartean, baina, FARC erabat desagerrarazteko aukera gutxi izango du Bogotak. Ezen, Kolonbiako 46 milioi herritarren artean %49 bizi dira egunean dolar bat baino gutxiagorekin, datu ofizialen arabera. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, baina, herritarren %65etik gora dira egoera horretan daudenak. Hortaz, herritarren %40k baino gehiagok jasaten dituzte elikadura eskasiak eragindako gaixotasunak. Langabezia tasa, aldiz, %13 litzateke, ekonomia hazkundea %5 izan arren.
Uste baino alde handiagoarekin irabazi du Santosek Kolonbian
Uriberen alderdikidea erraz gailendu zaio Antanas Mockusi; bozen %46,56 lortu ditu lehenak, eta %21,49 bigarrenak. Eskuinaren babesarekin, botoen %63 lortuko lituzke Santosek bigarren itzulian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu