Barcenas auzia dela-eta Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza PPren diru kontuak ikertzen hasi dela jakinarazi du Eduardo Torres-Dulce estatuko fiskal nagusiak gaur, 13tv telebista katean. Prozesua "irekia, inpartziala eta zorrotza" izango dela eta "berme guztiak" izango dituela azaldu du.
Torres-Dulcek esan du ikerketa zabaltzeko "materiala" badela. "Guk uste badugu gertaera argitzeko [PPko buruen] testigantzak jasotzea funtsezkoa dela, dudarik ez izan deklaratzera deituko ditugula".
PPren ustezko ustelkeria auziak Mariano Rajoy PPko presidente eta Espainiako gobernuburua eta alderdiko buruzagiak zipriztindu ditu. Ezkutuko ordainketen bidez, 11 urtez segidan 25.200 euro jaso zituzten Rajoyk eta PPko buruek, El País-en arabera. PPk esan du dena gezurra dela esan du, baina alderdi guztiek eskatu diote argibide gehiago emateko.
Saenz de Santamariak bat egin du PPko ordezkariek esandakoarekin
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak adierazi du bat egiten duela Barcenas auzia-ren inguruan “PPko ordezkariek orain arte adierazitakoekin”. Gardentasun Legea ustelkeriarentzat “antidoto” ona dela esan du Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean. "Une zailak dira, denei askoz gehiago eskatzen digute, baina guk eredugarri izaten jarraitu behar dugu. Batzuen jokabideak ezin zaizkie denei egotzi. Gobernua gauza bat da, eta alderdiak beste bat".
Gobernuaren egonkortasuna ”arriskuan” ote dagoen galdetzean, Saenz de Santamariak adierazi du egungo taldea egonkorra dela; "hori erakusten du ostiralero Ministro Kontseiluaren ondotik erreformak ekarri izanak”. Bihar Rajoyk hitz egingo duela gogorarazi du. Era berean, azaldu du berak hamabi urte daramatzala Rajoyrekin lanean, eta hark beti ”jokaera eredugarria” izan duela.
Luis de Guindos Ekonomia ministroa Bankia auzian deklaratzera deitu dutela eta, ez duela “arazorik” esan du presidenteordeak.
EAEko PPk uste du "ikerketa bukaeraraino" eramateko ardura duela Rajoyk
Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak adierazi du "ikerketa bukaeraraino" eramateko ardura duela Rajoyk. Gainera, "Fiskaltzak eta Justiziak parte hartu behar badute, har dezatela. Garrantzitsua da gauzak argitzea. Kontrolerako lege berriak egin behar badira, egingo dira, eta premiaz", esan du Radio Euskadi irratian.