Ustelkeriaz akusatuak zigortzea «inflexio puntua» izango da Brasilen

Bigarren instantzian noizbait epaitu dituzten politikariek ezingo dute presidentetzarako hautagai izan urrian

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Ostegunetik abian da Brasilen «mendeko epaiketa» deritzon ustelkeriaren aurkako auzia. Brasilgo Auzitegi Gorena politika munduko 38 lagun epaitzen ari da, 2005ean Luis Inazio da Silva Lularen gobernua kolokan jarri zuen eskandaluan zerikusia dutelakoan. Auzipetuen artean, Lularen gobernuko hiru ministro ohi, hainbat diputatu ohi eta bankariak eta enpresariak daude. Guztiei funts publikoa desbideratzea, dirua zuritzea edota delituak egiteko erakunde kriminala sortzea egozten diete.

Analisten arabera, epaiketaren sententziak «inflexio puntu bat» eragin dezake Brasilen. Fernando Henrique Cardoso presidente ohi eta soziologoak idatzi duenez, «herrialdearen kultura aldaketa» bultzatuko du akusatuen aurkako kondenak. Halako ebazpen bat baliagarria izango da «ustelkeria eta zigorgabetasun politikoaren ohitura betiko amai dadin». Absoluzioak, aldiz, Brasilgo herritarrei «politikan denak balio duelako» mezua helarazteko soilik balioko duela salatu du Cardosok.

Hain justu, presidentetzarako urriko hauteskundeetan espediente garbiaren legea deiturikoa aplikatuko zaie lehen aldiz hautagaitzara aurkeztu nahi duten politikariei. Lege horrek, bigarren instantzian epaitutako herritarrei debekatu egingo die hautagai izatea edota kargu publiko batean egotea. Euren aurkako sententzia errekurritzeko aukera dutenei ere ezarriko zaie legea.

Lege hori indarrean sartu aurretik, prozesu judizialen barruan zeuden herritarrak kargu politikoak betetzeko hautagai modura aurkezten ziren. Baita krimen larriak egozten zitzaizkienak ere. Zenbaitek, ustelkeria leporatzean dimititu egiten zuten kanporatuak izan aurretik, ondoren berriro aurkezteko aukera izatearren. Orain, ordea, epaitzen ari direnetako inork ezingo du kargu politikorik bete zigorra ezarri eta hurrengo zortzi urteetan behintzat. Hautagaitzara aurkezteko, berriz, ezinbestekoa izango da azken instantziako epaitegiak absolbituta egotea. Legea indarrean jartzeko prozesua 1997an hasi zen, eta behin indarrean sartuta, Auzitegi Goreneko magistratu Carlos Ayres Brittok adierazi du guztira 2.000 politikari ingururi eragingo liekeela neurriak. Izan ere, Brasilgo diputatuen %25 ikertzen ari dira ustelkeria delituak egotzita.

Fabore politikoen ordainsaria

Ia 40 politikariri eragiten dien egunotako epaiketa, berriz, mensalao (hileko soldaten prozesua) izendatu dute, akusatuek 2002tik 2005era bitartean botoak erosteko jasotzen zuten diruari erreferentzia eginez. Brasilgo Veja aldizkariak ekin zion 2004. urtean Lularen PT Langile Alderdiaren iruzurrak ikertzeri. Aldizkariak argitaratu zuenez, PTk, Kongresuan babesa izateko, fabore politikoak erosten zituen. 2005ean, Roberto Jefferson diputatu ohiak, zeina auzipetuta dagoen, argitara eman zuen ustelkeria. PTB Brasilgo Alderdi Laboristako presidenteak salatu zuen PTk 1,6 milioi euro eman zizkiola Lularen gobernua babestearen trukean.

Ikerketaren arabera, guztira 35 milioi euro desbideratu zituzten. Akusatuen abokatuek PT legez kanpo finantzatzen zuten enpresa pribatuen dirua zela argudiatzen duten arren, polizia iturriek jakinarazi dute amarru horretarako baliatutako dirua Brasilgo Bankutik zetorrela. Orduan Lula zegoen gobernatzen, baina hura ez dago akusatuen artean, eta une oro ukatu du bere alderdiko zein gobernuko gainerako ordezkariek delitu horiek egiten zituztela zekiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.