Ustez 80ko hamarkadan Poliziak hildako 60 pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte Perun

Bost hilobi topatu ditu hango fiskaltzak. Uste dute duela hiru hamarkada Poliziak hildako biktimak izan daitezkeela, Sendero Luminoso erakundearen aurkako gerran.

Mediku forentseak aurkitutako gorpuzkiak lurpetik ateratzen. PAOLO AGUILAR, EFE
Jone Amonarriz
2015eko abuztuaren 20a
11:05
Entzun

Ayacucho eskualdean (Huamanga, Peru) bakartuta dagoen herri batean aurkitu dituzte bost hilobiak, 60 gorpuzkirekin; hain justu Sendero Luminoso talde armatua sortu zen eskualde berean. Peruko barne gatazkako Poliziaren errepresioaren biktimenak dira, fiskaltzaren arabera.

Sinchis esaten zitzaion Polizia Nazionalaren Indar Berezietako kideek erail zituzten, lo zeudela, hainbat familia gaua pasatzen ari ziren eraikin batera sartuta, hainbat testigantzen arabera. Probintziaz gaindiko fiskal Juan Borjas Roakek abiatutako ikerketak 1985eko urtarrilean kokatu du 60 pertsonen heriotza, Estaca Parada inguruan, Oronccoy herritik hiru ordu ingurura.

Hilobi haietako batean 50 gorpu aurkitu dituztela jakinarazi du fiskaltzak; “besteak beste, haurrenak, emakumeenak eta adinekoenak”. Leku horretan lurperatuta daude gorpuak geroztik, eta, “horregatik, oso garrantzitsua da fiskaltzaren eta forentseen lana orain”, azaldu du Peruko Fiskaltzak komunikatu batean.

Abimael Guzmanek sortu zuen Sendero Luminoso erakundea, 1980an, Peruko Estatuaren aurka egiteko; erakunde armatuaren eta polizien arteko borrokak bi hamarkada iraun zuen. Peruko gerrillen kontrako borrokan 15.000 pertsona inguru desagertu zirela kalkulatzen dute Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak eta Peruko Fiskaltzak, eta ikertzen jarraitzen dute, haiek aurkitu nahian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.