Ustezko 20 taliban eta lau polizia hil dira borroketan Afganistanen

ERREDAKZIOA
2007ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Aspaldiko urte odoltsuena izaten ari da aurtengoa Afganistanen. Poliziaren eta ekintzaileen arteko borroketan ustezko 20 taliban eta lau polizia hil ziren. Iturri ofizialen arabera, Iran eta Turkmenistango mugan dagoen Badgis probintzian izan ziren borrokak. Antza, ustezko talibanek poliziaren kontrol bati eraso ziotenean hasi ziren tiroketak. Liskarrek hiru ordu inguru iraun zuten, eta horietan ustezko bederatzi ekintzaile ere zauritu ziren.

Bestalde, atzo jakinarazi zuen Defentsa Ministerioak, herenegun, ekintzaileek mertzenario talde bati eraso ziotela, haietako bat hilez. Gaznin, berriz, ekintzaile suizida batek gainean zeramatzan lehergailuak zartarazi zituen. Leherketan ekintzailea bera hil, eta bi militar zauritu ziren.

Normalean, halako erasoak hegoaldean egiten dituzte ekintzaileek, iparraldean ez dira horren ohikoak. Hala ere, urtea hasi denetik, enfrentamenduak izan diren inguruan hainbat eraso suizida egin dituzte.

URTE ILUNA. AEBek bultzatuta, 2001ean Afganistan okupatu zutenetik, aurtengoa izan da urterik odoltsuena. 4.300 lagun hil dira borroketan, gehienak ustezko ekintzaileak. Horiek hala, NBE Nazio Batuen Erakundeak Bakearen Nazioarteko Egunean indarkeriak eteteko eskatu die bi aldeei. Afganistango Defentsa ministroak erantzun dio eskaerari, esanez, nazioarteko eguna sostengatzen dutela, baina armadak ez duela su-etena aldarrikatuko, ekintzaileek egiten ez badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.