Hildako ustezko ekintzaileen gorpuen artean zegoen Ahmed Hassan xiiten buru disidentea, Al Askarik esan zuenez. Zeruko soldaduak taldeko buruzagia zela esan zuen Assad Abu Gilel Najafeko gobernadoreak.«Disidente xiitak dira Zeruko soldaduak taldeko kideak, eta Ahmed Hassanen asmoa zen Najafeko eta Kerbalako santutegi xiitei erasotzea, eta ondoren irakiar musulmanen buru izendatzea bere burua. Taldearen atzean Al Kaeda dagoela ziur nago», Gilelek esan zuenez.
Borrokaldi larrienak Zarkan izan ziren, Najaf iparraldean, eta armada irakiarrak Zeruko soldaduen kanpamenduari eraso zion, baina ustezko ekintzaileak ongi antolaturik zeuden, eta liskar gogorregiak zirela-eta AEBetako armadari eskatu zion laguntza Irakekoak. AEBek hegazkinez bonbardatu zuten kanpamendua, Al Askarik emandako xehetasunen arabera. Erasoen ostean, 500 bat fusil eta metrailadore eta autoetara itsatsitako beste hamar metrailadorehandi aurkitu zituzten.
Atzo goizeanbost ustezko ekintzaile suizida atxilotu zituzten. Kerbalako gobernadore Akil al Khazaalik adierazi zuenez, lehergaiez jositako gerrikoak zeramatzaten, eta Najafeko Ashura ospakizunean lehertzekoak ziren. Irakiar bat eta lau atzerritar dira atxilotuak.
Igandetik bi milioi xiita inguru gerturatu dira Najaf eta Kerbala hiri santuetara, hainbat egun irauten duen Ashura ospakizunean parte hartzera, Hussein imamaren heriotza gogoan. Mahoma profetaren bilobaren martirioa itxuratzearren, euren gorpuak azoteekin zaflatuta edo buruak ezpatekin jota ibiltzen dira Najafeko eta Kerbalako kaleetan. Irakeko xiitak ez ezik, Irangoak, Afganistangoak, Pakistangoak eta Saudi Arabiakoak joaten dira hiri santuetara.
Irakeko Gobernuak talde suniek xiita erromesei erasotzea espero zuten, eta segurtasun neurriak hartu zituzten, baina ez zuten espero xiita disidenteen erasorik, Bagdadek azaldu zuenez.
BAGDADEN HILDAKO GEHIAGO. Bagdadeko merkataritza gune batera morteroak jaurti zituzten, eta gutxienez 11 pertsona hil zituzten atzo eta 28 zauritu, irakiar segurtasun iturrien arabera. Hildakoen artean hiru ume daude. Bederatzi obus Al Zafrania merkatal gunera sartuta egin zuten erasoa.
Bagdadeko iparraldean, berriz, bost lagun hil ziren eta 25 zauritu eraso suizida baten ondorioz. Ekintzaileak lehergailuz beteriko auto batean Irakeko armadaren kontrol postu baten kontra egin zuen, Al Horreia auzoan. Hildakoen artean soldadu bat eta zaurituetan hainbat militar dago. Gainerakoak zibilak dira.
Bagdaden izandako erasoetan guztira 18 hildako eta 43 zauritu izan ziren atzo.
Atentatuez gain, hiru irakasle bahitu zituzten igande gauean. Auto batean zihoazen eta armaturik zeuden ezezagunek bahitu zituzten. Nahrain Unibertsitatean Zuzenbidea erakusten dute hiru irakasleok. Inbasioa hasi zenetik ehunka irakasle joan dira Iraketik, euren lankide asko hil edo bahitzen dituztela ikusita. Azken urtean jasan dituzte batez ere erasoak.
Iranek Iraki laguntza ematen badio «neurriak» hartuko dituela dio Bushek
A.M.Iranek laguntza militarra eta ekonomikoa handituko dituela esan zuen joan den igandean Hasan Kazemi Komi Iranek Iraken duen enbaxadoreak The New York Times egunkarian,eta George Bush AEBetako presidentearen erantzuna eragin dute adierazpenek. Indar irakiarrei entrenamendu laguntza ematea, laguntza logistikoa eta «segurtasunaren aldeko borrokarako» aholkulariak eskaintzea du xede Iranek, eta pisu gehiago eduki nahi du Irak berreraikitzeko prozesuan. Arlo ekonomikoan, berriz, besteak beste, banku bat eraiki nahi du Bagdaden, eta jada horretarako lizentzia duela esan zuen Komik. Bushek, ordea, ekintzaileak laguntzea leporatzen dio Irani, eta horrela jarraitzen badu «neurri gogorrak» hartuko dituela esan zuen atzo.
«Iranek Iraken gure tropen edota herritarren aurka ekintza militarra areagotzen badu gogor erantzungo dugu», George Bushek adierazitakoaren arabera. Joan den astean AEBetako presidenteak agente iraniarrak hiltzeko edo harrapatzeko baimena eman zien tropei, militar estatubatuarren kontra matxinatuekin lan egiten dutela-eta. Teheranek, berriz, hori ukatu egiten du.
Tony Snow Etxe Zuriko bozeramaileak, «Irakek Iranekin duen harremanari buruzko erabakiak hartu» beharko dituela esan zuen. «Espero dugu Iranek herrialdean rol egokia jokatuko duela, baina orain arte egin duena ez da ona izan. Hobea izatea nahi dugu». Snowkhainbat akusazio egin zizkion Irani: «Arma nuklearrak bilatu dituzte, AEBetako tropen eta zibilen kontra egiten duten taldeak lagundu dituzte, eta Afganistango eta Libanoko demokraziak zapuzten saiatu dira. Horrela jarraitzen badute Iranen eta haiekin daudenen kontra neurriak hartu beharko dira».
AEB-EN FROGAK, «BARREGARRIAK» .Hasan Kazemi Komi enbaxadoreak onartu zuen The New York Times egunkarian joan den hilabetean AEBek atxilotutako bi iraniarrak segurtasun agenteak zirela, baina Washingtonek emandako arrazoiak ez zirela egia esan zuen. Hain zuzen, «Irakeko segurtasun indarrei laguntzera joandakoak» ziren bi agenteak, eta ez Bushek esanda bezala, matxinatuen alde borroka egitera joandakoak.
AEBek diote frogak dituztela Iran Irakeko ekintzaileekin lotzeko,eta AEBetako tropen kontra egiteko asmoa duela erakusteko. Froga horiek «barregarriak» dira Komirentzat.