Ustezko 34 ekintzaile taliban hil dituzte borroketan Afganistanen

Nazioarteko soldaduek bi zibil afganiar hil dituzte tiroz, ekintzaileak zirela pentsatuta

Erredakzioa
2009ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Afganistango ekialdean, Paktika probintzian borroka gogorrak izan ziren atzo. Horietan ustezko 34 ekintzaile taliban hil zituztela jakinarazi dute armadako iturriek. Paktikako Gobernuko eledun Hamidula Zeuakek adierazi duenez, asteazkenetik ostegunerako gauean izan ziren borroka gogorrenak. Uor Maji barrutian, ustez ekintzaileena zen kanpamentu bati eraso zioten militarrek, Hakkani sareko burua han zegoelakoan. Borroketan 29 lagun hil ziren. Horretaz gain, beste bostek gainean zeramatzaten lehergailuak zartarazi zituzten, eta soldadu bat zauritu zuten.

Biktima nagusiak, zibilak

Amnesty International erakundearen arabera, gero eta zibil gehiago hiltzen dira Afganistanen. Iaz bakarrik 2.000 inguru hil ziren, horietatik %40 nazioarteko tropen operazioetan. Atzo bertan, atzerriko soldaduek bi herritar hil zituzten, erasotzera zihoazelakoan. Khosten, militarrek auto bati gelditzeko agindu, eta aurrera jarraitzen zuela ikustean tiro egin zioten. Faran, berriz, beste auto bat tirokatu zuten, militarren konboira «gehiegi» hurbildu zelako. Herenegun beste zazpi afganiar hil ziren Asadababen, borroketan.

Bestetik, Erresuma Batuko bi soldadu hil ziren atzo, bata leherketa batean, eta bestea borroketan jasandako zaurien ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.