Anbar eta Salahedin eskualdeen artean dago Tharthar, Tikritetik gertu. Han zegoen entrenamendu gunea. Irakeko segurtasun indarrek astearte gauean eraso zioten, baina arazoak izan zituzten egoera kontrolatzeko. Ondorioz, AEBetako Armadari deitu zioten. Ameriketako Estatu Batuetako soldaduek airez eta lurretik eraso zieten ekintzaileei. Irakeko Barne Ministerioko eledun Richard Goldenbergen esanetan, ingurua kontrolpean dute orain soldaduek. «Jatorri askotako gerrillariak zeuden han: marokoarrak, aljeriarrak, sudandarrak, saudiarabiarrak, siriarrak eta egiptoarrak». Bagdaden, berriz, eskola bati eraso zioten morteroekin. Ondorioz, 11 urteko adingabe bat hil eta beste hiru zauritu zituzten. Irakasleek eskolatik atera zituzten haurrak gasaren kontrako maskarak jantzita, eraso gehiagoren beldur. Ordu batzuk geroago, errepide bazterrean jarritako lehergailu bat indargabetu nahian ari zen polizia bat hil zen. Leherketan beste polizia bat zauritu zen. Bestalde, Mosulen ustezko 70 ekintzaile atxilotu zituzten herenegun ilunabarrean. Irakeko Poliziako unitate bereziek hartu zuten parte atxiloketetan. Horietako askok ustez Saddam Hussein presidente ohiaren aginduetara egin zuten lan.
Calipariren auzia
Italiako Poliziak ezin izan zuen Nicola Calipari agente sekretuaren autoa miatu. AEBetako Armadak ez zien utzi, segurtasun arrazoiak argudiatuz. Halaxe azaldu zuen atzo Italiako Corriere della Sera egunkariak.
Martxoaren 4ean, Giuliana Sgrena kazetaria askatu zuten bahitzaileek eta Calipari izan zen hura aireportura eramateaz arduratu zena. Bidean AEBetako soldaduek autoa tirokatu eta agente sekretua hil zuten. Autoan egon zitezkeen aztarnak ikertzera joatekoak ziren atzo Bagdadera Erromako bi polizia. Baina AEBetako Armadak Italiak Iraken duen enbaxadara deitu eta hegaldia bertan behera uzteko eskatu zion. Italiako Gobernuak ez zuen informazioari buruzko adierazpenik egin.Horretaz gain, gobernuaren osaketa negoziatzen jarraitu zuten atzo kurduek eta xiitek. Irakeko Aliantza Batuko kide Abbas Hassan Mousa al Baiatik azaldu zuenez, Defentsa Ministerioa suniten esku uzteko asmoa dute bi aldeek, ekintzaileen erasoak murriztuko diren itxaropenarekin. «Lau postu garrantzitsuenetariko bat betetzeko aukera emango diegu, politikan parte hartzeko aukera izan dezaten. Ez dugu inor baztertu nahi».
Muga zaintzen
Gerrillariak Irandik Irakera igarotzen direla uste du Washingtonek. Horregatik bi herrien arteko mugan soldaduak ezartzea erabaki zuen. Otsailaz geroztik ehunka soldaduk zaintzen dute 96 kilometro inguruko lurraldea. Denbora horretan muga igarotzen saiatu diren ehun lagun inguru atzeman zituzten. Beste askok, ordea, ihes egitea lortu zuten.
Bi urte igaro dira Washingtonek Iraki erasotzea erabaki zuenetik. Askok kritikatu dute egoerak okerrera egin duela geroztik. Gutxi gora behera, okupazio indarretako bi kide eta hogei zibil hiltzen dira egunean.
-
Datua
300.000
Suediako Cotecna enpresak 300.000 dolar ordaindu zizkion NBEko idazkari nagusiaren seme Kojo Annani, Petrolioa Elikagaien Truke programan sartu eta gutxira. Hala salatu zuen atzo Financial Times kazetak. Annanek eta enpresako bozeramaileak ukatu egin zuten halakorik. Programako kide izan zenean ustelkeria egin izana leporatu zioten Ameriketako Estatu Batuek Annani.
-
ERRESUMA BATUA
Zerbitzu sekretuen lana hobetzea xede
Irakekin gertatutakoa errepika ez dadin neurriak hartu ditu Londresek. Robin Butler Gobernuko kide ohiak iaz kaleratutako txostenaren ondotik etorri zen erabakia. Besteak beste, Iraki buruzko informazioa behar bezala egiaztatu ez izana leporatu zion Tony Blair lehen ministroari. Hori dela eta, MI6 inteligentzia zerbitzuek zerbitzu sekretuek emandako informazioa egiaztatzeko baliabide gehiago izango dituzte aurrerantzean. Hala jakinarazi zuen Jack Straw Erresuma Batuko Atzerri ministroak. Horretaz gain, erakundearen informazioa ikertzeaz arduratzen den batzordea ere handitu egingo dute, egon daitezkeen akatsak errazago aurkitu ahal izateko. Era berean, informazio sekretua nola erabili argitzen duen txosten bat banatuko diete ministroei. Butlerren txostena kaleratu zenez geroztik, MI6ak sinesgarritasuna galdu zuen. Blairri, berriz, «arinkeriaz» jokatu izana leporatu zioten.