Igandean, Kolonbiako mugatik Venezuelara joandako ustezko 88 paramilitar atxilotu zituzten Venezuelako segurtasun indarrek, Baruta herrian. Atxilotutakoek aitortu zuten 43 egun zeramatzatela Venezuelako etxalde batean entrenatzen. Gaineratu zutenez, batzuk Kolonbiako Armadako erreserbakoak ziren eta beste batzuk Venezuelan landaketak egiteko kontratatutako nekazariak. Caracasko gobernuaren ustez, 130etik gora lagunek osatzen dute taldea eta estatu kolpe bat eman eta Hugo Chavez presidentea hiltzea da beren helburua. Hala, gainerako kideak bilatzen jarraitzen du Poliziak.
Atxilotuetako batek telebistan deklaratu zuenez, «3.000-4.000 gizon Venezuela okupatzeko prestatzen ari ziren», lehenengo gune militarrei eraso eta gero Chavez kargugabetzeko. Venezuelako Poliziako buru Miguel Rodriguez Torresek oposizioarekin lotu zituen kolonbiarrak. Koordinadora Demokratikoa eta Bloke Demokratikoa oposizioko taldeek, aldiz, zerikusia izana ukatu zuen. Esan zutenez, Chavezek «edozein delitu ekintza» erabil dezake «oposizio guztiari egozteko». Hala ere, ez zuten baztertu atxiloketaren arrazoia benetakoa izatea. Chavezen gobernuak Felipe Rodriguez jeneral disidentea du kolonbiarren gidaritzat. Atxilotuek hala onartu dute komunikabideetan. Rodriguezek Chavezen aurkako armarik gabeko matxinada egin zuen Caracasko plaza batean duela bi urte, beste soldadu talde batekin batera. Robert Alonso kubatar antikastristaren etxaldean aurkitu zituen Poliziak ustezko paramilitarrak, militarrez jantzita. Alonsok Guarimba protestaldia antolatu zuen otsaila eta martxoa artean. Poliziarekiko liskarretan, hainbat lagun hil ziren. Venezuelako Gobernuak dio oposizioko kideek beraiek egin zietela tiro manifestariei, Chavezen kontra erabiltzeko.
VENEZUELA
Ustezko paramilitarrak bilatzen segitzen du Caracasko gobernuak
Atxilotu batzuek hedabideetan esan dute estatu kolpea eman nahi zutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu