Hamid Karzai Afganistango presidenteak jakinarazi du uztailetik aurrera Afganistango segurtasun indarren kontrolpean izango direla herrialdearen zazpi lurralde. Nazioarteko zenbait tropek Afganistan utziko dute hilabete horretan, eta horrekin batera hartuko du lurralde horien kontrola Afganistango Gobernuak. Lurrade horiek "nahiko lasaiak" direla esan du Karzaik: Bamija, Panjshir, Kabul (Surobi barrutia da salbuespena), Herat, Mazar, Mihtarlam eta Lashkar Gah.
Pixkanaka herrialde osoaren kontrola hartzeko konpromisoa hartu du Karzaik, eta horrela 2014. urtean, bere agintaldia amaitzen denean, herrialde osoa Afganistango segurtasun indarren kontrolpean izatea espero da. "Afganistango segurtasunak afganistandarren esku egon behar du, herriak bere nahia beteta ikus dezan", adierazi du presidenteak. Karzaik ez du esan zenbat soldadu izango diren zazpi lurralde horietan. Une honetan nazioarteko 150.000 soldadu daude Afganistanen, eta horietatik bi heren AEBetakoak dira.
Zenbait herrialdek txalotu dute jada Karzairen iragarpena, eta lehenengoetariko bat Alemania izan da.