Valentzian gutxienez 41 bidaiari hil dira metroko tren bat bidetik irtenda

Agintariak ez datoz bat istripuaren kausetan, baina batzuek gehiegizko abiada aipatu dute

Edu Lartzanguren.
2006ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
«Hondamendia izan da, tragedia», esan zuen atzo Rita Barbera Valentziako (Herrialde Katalanak) alkateak. Istripu larria gertatu zen atzo hiriko metroan, zenbait iturriren arabera, gehiegizko abiadak eraginda. Lehen lineako tren bat errailetatik atera zen eta gutxienez 41 pertsona hil eta 20 baino gehiago zauritu ziren. Gertaera istripua izan zela esatera atera ziren berehala Valentziako agintariak jendaurrera. Irailean beste istripu bat gertatu zen Valentziako lehen linea horretan. Orduan hiru trenek jo zuten elkar, baina ez zen hildakorik izan, soilik zaurituak.

«Antza denez, istripua izan da, gehiegizko abiadaren eta trenaren gurpil bat hautsi izanaren ondorio», esan zuen atzo Luis Felipe Martinez Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkariak. Lehenengo bertsioen arabera, metroko tuneleko pareta bat erori izanak eragin zuen istripua, baina agintariek gezurtatu egin zuten hori. Jesus geltokian trenaren zain ziren bidaiariak txinparta bat ikusi zuten tunelean, eta burrunba handia. Geltokira sartu aurretik bihurgune estu batetik igaro behar dute lehen lineako trenek. Bihurgunean zeinu bat dago, gidariei gogorarazteko kontuz ibili behar dutela eta abiada murriztu.

HAINBAT BERTSIO. Arratsaldeko ordu bata zen eta bidaiariz lepo zegoen Valentziako metroa. Bertsio ofizialaren arabera, trenaren lehen bagoia bidetik atera zen, eta bigarren bagoiarekin batera irauli egin zen tunelean. Lau bagoi zituen trenak denera, eta 150 pertsona inguru zeramatzan. Hildako guztiak lehenengo bagoiko bidaiariak ziren.

Geltokian ziren 150 bat bidaiariak korrika atera ziren metrotik. Handik gutxira aurpegia odolduta zuen jendea ateratzen hasi zen kalera. Batzuek trenean geraturiko senideengatik galdetzen zuten. Treneko leihoetatik atera ziren zaurituak.

Metroaren lehen lineako zirkulazioa eten egin zuten. Argindarra ere moztu zuten salbamendu lanak egiteko. Gorpuak hainbat orduz eduki zituzten tunelean, epailea heldu arte.

Zauritu arinak inguruko eraikin ofizialetan eta geltokiaren ondoan antolaturiko larrialdirako ospitalean artatu zituzten. Larrienak Valentziako erietxeetara eraman zituzten. Denera 39 zauritu artatu zituzten ospitaleetan. «Bi hilzorian daude, bost larri», esan zuen atzo arratsaldean Valentziako Generalitateko eledunak, Vicente Ramblak. Gorpu asko identifikatzea oso zaila izango dela gaineratu zuen.

Espainiako Gobernuaren ordezkariak esan zuenez, bigarren bagoiaren gurpiletako bat hautsita aurkitu zuten hondamendiaren gunean izaniko teknikariek. Ez zuten argitu, ordea, gurpila haustea istripuaren kausa edo ondorio ote zen.

Generalitateko Azpiegitura eta Garraio sailburuak, Jose Ramon Garcia Antonek, ordea, zalantzan jarri zuen Martinezen bertsioa. Teknikariek gurpil hautsirik ez zutela ikusi adierazi zuen, eta gehiegizko abiada istripuaren kausa izateko «aukera gutxi» daudela gaineratu du. «Modu bitxian gertatu da istripua, arazorik inoiz eman ez duen lekuan», esan zuen. Trena ekainaren 27an ikuskatu zuten azken aldiz, Antonen arabera.

LINEA BERRITUTA. Valentziako metroak 18 urte ditu. Lehen istripua 1989. urtean gertatu zen, bigarren urtean. Sute txiki bat gertatu zen trenetako batean. Lehen linea zaharrena da, baina duela gutxi berriztatu dutela esan zuen atzo Valentziako Generalitateko tren konpainiak (FGV). Aurten bukatu dituzte hobekuntza lanak. Denera 129 milioi euro gastatu dituzte, horietako 12 zirkulazioaren segurtasuna areagotzeko. 2010erako tren guztietan abiada kontrolatzeko sistema automatikoa ezartzeko asmoa dute.

Iazko irailean istripua gertatu zen linea horretan. Hiru trenek jo zuten elkarren aurka, eta 35 pertsona zauritu ziren. orduan, ordea, ez zen hildakorik gertatu. Europako Legebiltzarrean gogoan izan zituzten Valentziako hildakoak. Minutu bateko isilunea egin zuten diputatuek Flandesen hilik agertu diren bi haurrak gogoratzeko, eta istripuan hildakoei zabaldu zieten omenaldia.

Europako gobernuek ere dolumina adierazi zuten atzo. Espainiako Gobernutik eta oposiziotik elkartasuna agertu zieten biktimei. Alderdi Popularreko buru Mariano Raxoi Valentziara joan zen atzo. Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea Indian da, bisita ofizialean, eta telegramak bidali zizkien atzo Valentziako agintariei. Bidaia bertan behera uztea pentsatzen ari zirela esan zuten Espainiako presidentziatik.

Valentziarako bidaia ez duela bertan behera utziko adierazi zuen atzo Eliza katolikoko buruak, Benedikto XVI.ak. Izan ere, Familien Munduko Topaketa antolatu dute astebururako, eta bertan parte hartzekoa da Joseph Ratzinger katolikoen aita santua. Jaialdiak bertan behera utzi dituztela, baina gainerako ekitaldiak egingo direla esan dute antolatzaileek.

[email protected]

metro istripuak

Hanburgo, 1961. Alemaniako iparraldeko hiriko tren batek metroko bagoi bat jo zuen. Denera 33 pertsona hil ziren.

Londres, 1975. Erresuma Batuko hiriburuko Moorgate geltokian gertaturiko istripuak 43 pertsona hil zituen eta ehun baino gehiago zauritu. Gidariaren akats batek eragin zuen ezbeharra.

Chicago, 1977. Ameriketako Estatu Batuetako hirian zubi batetik zihoan tren bat errailetatik atera eta kale batera erori zen. 11 pertsona hil ziren eta 200 zauritu.

Mosku, 1982. Eskailera mekaniko bat hautsi egin zen eta hamar bat pertsona hil ziren. Agintariek ez zuten gertaera baieztatu eta ez zuten biktima kopururik zabaldu.

Londres, 1987. Sutea gertatu zen King's Cross geltokian. 31 pertsona hil ziren eta 150 zauritu.

Baku, 1995. Azerbaijango hiriburuko metroko tren batean sutea gertatu zen, ibilgailua bi geltokien artean zegoela. 290 pertsona hil ziren eta 270 zauritu.

Herrialde Katalanetan
Bartzelona, 1975. Bi trenek talka egin zuten Virret Amat geltokian. Pertsona bat hil zen eta 80 zauritu ziren.

Bartzelona, 1996. Bide okerrean sartu zen tren bat eta horma baten kontra jo zuen. 25 pertsona zauritu ziren.

Bartzelona, 2004. 80 bidaiari zeramatzan tren bat tailerretan sartu zen akats baten bidez, eta hutsik zegoen beste baten kontra jo zuen.67 pertsona zauritu ziren.

Valentzia, 2005. Lehen lineako hiru trenek talka egin zuten eta 35 pertsona zauritu ziren.

Valentzia, 2006. Linea bereko tren bat bidetik atera zen; gehiegizko abiaduragatik, antza denez. Gutxienez 34 pertsona hil ziren eta 21 inguru zauritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.