Mundua

Vatikano Bankuko zuzendari orokor Paolo Ciprianik dimisioa eman du

Massimo Tulli zuzendariordeak ere kargua utzi du; bi dimisioak duela hiru egun hiru pertsona ustezko ustelkeria kasu batengatik atxilotu ostean izan dira.

2013ko uztailaren 2a
12:16
Entzun

Vatikano Bankuan eztanda egin du ustezko ustelkeria kasu batek, eta, oraingoz, hiru atxilotu eta bi dimisio utzi ditu. Paolo Cipriani bankuaren zuzendariak eta Massimo Tulli zuzendariordeak eman dute dimisioa, duela hiru egun hiru pertsona iruzur eta ustelkeriagatik akusatu ostean. IOR Erlijio Obren Institutuarekin, hau da, Vatikano Bankuarekin lotutako finantza irregulartasunen inguruko ikerketa baten ondorioz atxilotu zituzten, tartean, Nunzio Scarano, APSA Egoitza Apostolikoaren Ondare Administrazioaren arduraduna —Vatikanoaren kapital higiezinak kudeatzen dituen erakundea—.

Kardinalen Komisioak eta Gainbegiratze Kontseiluak bi dimisioak onartu ditu. Horrez gain, Ernest von Freyberg bankuko presidenteari eskatu diote zuzendari orokorraren ardurak bere gain har ditzala, "behin-behinean eta ahalik eta azkarren", Cipriani eta Tulli ordezkatzen dituzten bitartean. Von Freybergez gain, Rolando Marrancik hartuko du zuzendariorde kargua, eta Antonio Montaresik proiektu berezien ardura izango du. Marranci zein Montaresi, biak AEBetako eta Ingalaterrako bankuetan lan egindakoak dira.

Egoitza bakarra Vatikanoan duen bankuak lehenago ere izan ditu ustelkeriarekin lotutako hainbat kasu. Iazko maiatzean, adibidez, Ettore Gotti Tedeschi bankuko presidentea zena kargugabetu zuen Kardinalen Komisioak, Erromako Fiskaltzak diruaren zuritze kasu baten inguruan irekitako ikerketan zerikusia zuelakoan. Hala, otsailean izendatu zuten Von Freyberg Vatikano Bankuko presidente: Benedikto XVI.ak izendatu zuen, aita santu izateari utzi aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.