Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak adierazi du Hugo Chavez presidente hautatuaren agintaldia espero bezala datorren ostegunean hasiko dela, nahiz eta aitortu duen balitekeela Chavezek karguari zin ez egitea orduan, gaixorik dela eta.
Presidentea hilda edo hilzorian dagoela dioten zurrumurruak ugaritzen ari dira, eta haren egoera oso larria dela aitortu du Venezuelako Gobernuak. Birsortutako zelula minbizidunak kentzeko abenduaren 11n Kuban egin zioten ebakuntzaren ondoren Chavezek "biriketako infekzio larri bat" izan zuela esan du Ernesto Villegas Venezuelako Komunikazio ministroak. Gaitzaren ondorioz, arnasa hartzeko "zailtasunak" dituela jakinarazi du Villegasek: "Medikuen tratamendu zorrotz bat ari da betetzen Chavez komandantea".
Ostegunean karguari zin ez badio egiten, horretarako aukera izango du hurrengo batean, Venezuelako Auzitegi Gorenaren aurrean, Madurok gaur esan duenez.
Itxura guztien arabera, Diosdado Cabello Parlamentuko presidenteak hartuko du presidentetza behin-behinean, eta Chavezen hutsunea "erabatekoa" balitz, Maduro izango litzateke PSUV alderdi sozialistaren hurrengo presidentegaia.
Joan den urrian izan ziren hauteskundeak, eta aise gailendu zen Chavez.