Txile

Victor Jararen hiltzailea zigortu dute AEBetan

Pedro Barrientos militar ohi txiletarrak abeslaria torturatu eta exekutatu zuela ebatzi dute aho batez; 28 milioi dolar ordaindu beharko ditu.

Alarguna eta alabak, pozik. GERARDO MORA / EFE
Kristina Berasain Tristan.
2016ko ekainaren 28a
07:57
Entzun

Augusto Pinochetek estatu kolpea eman eta bost egunera hil zuten Victor Jara. Santiagoko Chile Estadioan. Egun bere izena daraman leku sinboliko horretan idatzi zuen abeslariak bere azken poema: Estadio Chile. «Bost mila gara hiriaren zati txiki honetan. Bost mila gara; zenbat gara; zenbat izango gara denera, herrialde osoko hiri guztietan?». Biharamunean hil zuten. 1973ko irailaren 16an.
Orain, ia 43 urte pasatu direnean, estadioa hartan, bost egunez torturatu eta su armaz tirokatu zuen militarra zigortu dute. Pedro Barrientos militar ohi txiletarra kantariaren heriotzaren erruduntzat jo du ahobatez Floridako Auzitegi Federalak (AEB): 28 milioi euro ordaindu beharko dizkio familiari.
Joan Turner, abeslariaren alargunak, alabak alboan zituela, malko artean jaso du epaia: «Gu bezala urteak eta urteak justiziaren zain daramatzagun familientzat abiapuntu bat da; justizia posible dela ikusi dugu». Militarra Txilera estraditatua izateko garaia ere badela aldarrikatu du Turnerrek: «Epaia mezu bat da ez soilik beste jazartzaileentzat, baizik eta baita Ameriketako Estatu Batuetako gobernuarentzat ere; Barrientos Txilera estraditatzeko eskaera azkartu dezan».
Barrientos 1989an joan zen AEBetara. Pinocheten militarra izan zenik aipatu gabe lortu zuen herritartasuna, bide batez, kanporatua izatea eragotziz. Joan Turnerrek CJA Justiziaren eta Arduraren Zentrora jo zuen 2013an. Floridan egoitza duen erakunde honi esker lortu du familiak militar ohia auzipetzea eta zigortzea, nahiz eta ez duten lortu gizateriaren kontrako krimenengatik auzipetua izatea.Joan Turner alargunak epaiketan bertan gogoratu du non pasa zuen azken eguna Jararekin: «Senarra eta biok egongelan eserita geunden irratiz entzuten Txile diktadura basati bat hartzen ari zela».
Aurreneko epaia
Aurrenekoa aldia da hil aurretik jada ikono zen abeslariaren heriotzaren erantzuleetako bat zigortzen dela. Txileko Egiaren eta Baketzearen Batzordeak 1990. urtean ebatzi zuen Jara estadioan tirokatu zutela. Miguel Vazquez Txileko Helegite Auzitegiko magistratuak iragan martxoan itxi zuen abeslariaren heriotza ikertzeko zabaldutako sumarioa. Hamabi lagun daude auzipetuta, tartean Jose Paredes Marquez. Txileko armadako soldadu ohi honek egindako adierazpenetan atera zen orain zigortuta izan den militarraren izena. Lekukotasun hartatik tiraka, abeslariaren gorpua hilobitik ateratzeko agindu zuen epaileak 2009an. Bigarren autopsia egin zioten Jarari.
Francisco Etxeberria izan zen autopsian parte hartu zuen auzitegi medikuetako bat, eta egunkari honi berretsi zion abeslaria torturatua eta tirokatuta hil zela: «Su armaz eragindako heriotza bortitz bat izan zuen. Buruaren atzealdean distantzia laburretik jaso zuen bala zauriak eragin zion heriotza; ondoren, balez josi zuten gorpua. Haren hezurduran, gainera, 50etik gora hezur hondatu zenbatzera iritsi ginen».
Jara Salvador Allende presidentearen kontrako estatu kolpearen egunean bertan atxilotu zuten beste ehunka irakasle eta ikasleekin batera. Bost eguneko izua ere islatu zuen azken poema hartan: «Zenbat gizadi, gose, hotz, izu, oinaze, presio hilgarri, laborri eta eromen! Ekoizten ez duten hamar mila esku gutxiago gara». Diktadurak 17 urte iraun zituen (1973-1990).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.