Argentinako diktaduraren garaian (1976-1983) preso politikoei umeak lapurtzeagatik epaiketa hasi zen atzo Buenos Airesko Auzitegi Federalean. Akusatutako zortzi lagunen artean daude diktadurako lehen buruzagia —Jorge Rafael Videla (1976-1981)— eta azkena —Reynaldo Bignone (1982-1983)—.
Salaketaren arabera, Videlak eta Bignonek zeresana izan zuten gutxienez 34 umeren lapurretan. Uste denez, diktadura garaian, armadaren Goi Eskola Mekanikoan eta Campo de Mayo koartel militarrean 500dik gora ume kendu zizkieten tortura eta atxiloketa gune horietan preso zeuden beste hainbat emakumeri. Akusazioak dio umeen bahiketa sistematikoa zela eta haurrek diktaduraren aldeko familietan bukatu zutela. Gurasoak hil edo desagerrarazi zituen erregimenak.
Salaketa duela hamalau urte abiatu zuten Abuelas de Plaza de Mayo errepresaliatuen amonen elkarteak. Epaiketak gutxi gorabehera urtebete iraungo du, eta telebistaz eskainiko dute. 370 lekukok hartuko dute hitza, horietako asko beren benetako gurasoei lapurtutakoak.
Videlak 85 urte ditu, eta bizitza osorako espetxe zigorra betetzen ari da abenduaz geroztik. Oposizioko 31 lagunen fusilamenduarengatik gizateriaren aurkako krimenen erruduntzat jo zuten. Bignonek (83 urte), berriz, 25 urteko kartzelaldira kondenatu zuten, giza eskubideak bortxatzeagatik.
Videla eta Bignone epaitzen hasi dira, umeak lapurtzeagatik
Argentinako diktaduraren garaian 500 haur inguru kendu zizkieten preso politikoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu