Vietnamgo gerra amaitzean (1965-1975) AEBetako gizartean hedatu zen sentipen ezkorrari deitu zitzaion Vietnamgo sindromea. Iraketik atera berritan, eta Afganistango erretiratzeari epea paratuta (2014), ezinbertzekoa egin da bertze behin Vietnamgo mamua gogora ekartzea, 1973tik AEBek egindako inbasio handienak izan baitira, eta, orduan bezala, azken bi gerrak ere ekimen positibotzat saldu baititu Washingtonek, ezarritako helburuen lorpena gutxienez zalantzagarria den arren.
Bigarren Mundu Gerratik munduko potentzia bilakatuta atera zen herrialdea, bere burua askatasunaren defendatzaile nagusitzat eta gerran garaitu gabekotzat aldarrikatuta. Vietnamgo gerrak, baina, irudi hori aldatu zuen, bai AEBetan bertan, bai mundu zabalean. AEBetako ia 60.000 soldadu hil ziren gatazka hartan, milaka elbarrituta eta bizitza osorako ondorio psikologiko larriekin itzuli ziren eta bilioika dolar xahutu zituzten gerran. 1973an Washingtonek, Ipar Vietnamek eta Viet Cong gerrillak bake akordioa sinatu zuten Parisen. Horren arabera, AEBetako tropek Vietnam utzi zuten. Bi urteren buruan, berriz, iparralde komunistak herrialde osoa bereganatu zuen. Richard Nixon presidenteak lorpentzat aurkeztu nahi izan zituen Parisko Bake Akordioak, baina sentimendu ezkorra errotuegi zegoen AEBetan. Helburu bakar bat lortu gabe erretiratu ziren Vietnamdik, eta gerraren jarraipen mediatikoak agerian utzi zituen AEBek egindako gehiegikeriak. Mundu osoan ez ezik, haien ustezko nagusitasun morala kolokan paratu zuen AEBetan bertan ere. Hainbertze hilketa eta sakrifiziok merezi izan zuten galdetu zioten euren buruari estatubatuarrek.
Vietnamen porrot mingarria izan arren, AEBek ez diote utzi bertze herrialdeetan esku hartzeari, edo inbasioak egiteari, ezta gutxiago ere —urte honen hasieran bertan, gerra aitzineko klima oroitarazten duten ekintzak eta adierazpenak egin dituzte elkarren aurka AEBetako eta Irango agintariek—. Baina Asia hego-ekialdeko gatazka hura mugarria izan zen, eta handik aitzinera gainerako abentura militarrak neurtzeko eredua izan da.
1. Irak
Iragan abenduaren 18an atera ziren Iraketik AEBetako azken 500 soldaduak. 2003ko martxoaren 20an hasitako inbasioa bukatu zuten. Azken emaitza: 100.000 zibil inguru —zenbaketa egin duten erakunde gehienen arabera— eta AEBetako 4.500 militar hilda eta Washington bilioi bat dolar inguru xahututa. Vietnamekin alderatuta, kopuru xumeagoak dira —soldaduen kasuan, bertzeak bertze, Vietnamen beharrezko errekrutamendua ezarri zutelako—. Gatazka bakoitza, ordea, bere aroan kokatu behar da. AEBen gaur egungo gerra eredua teknologikoagoa da, inpertsonalagoa, eta, horren ondorioz, iraganean baino infanteriako indar gutxiago erabiltzen ditu borrokan; horregatik, hildako soldaduen kopurua XX. mendeko gerra handietan baino murritzagoa da. Hala ere, gerraren eraldatze horregatik, jarraipen mediatikoaren hazkundeagatik eta bertze hainbat faktorerengatik, AEBetako iritzi publikoarentzat iraganean bezain zaila da ehunka militarren heriotza onartzea. Horren adibide, gobernuak Iraken hildako soldaduen hilkutxen argazkiei zentsura ezarri izana, AEBetako banderekin bildutako zerraldoen irudiek berebiziko garrantzia izan baitzuten herritarrak Vietnamgo gerraren aurka mobilizatzeko orduan.
Barack Obama presidenteak, ordea, Irakeko inbasioa ixteko emaniko hitzaldian, gerra «arrakastatsua» izan dela erran zuen. Nixonek Vietnamgoa bezala, Obamak Irakeko gerra —eta Afganistangoa— aitzineko presidentearengandik jaso zuen oinordetzan. Bi kasuetan, gainera, gerra abiarazi zuen administrazioa kontrako sektore politikoarena zen. Parisko akordioak sinatu ondoren, «bakea ohorearekin» segurtatu zutela aldarrikatu zuen Nixonek; Obamak, berriz, Iraken «nazio subiranoa, egonkorra eta autonomoa» utzi dutela. Agintea, ordea, urteetan baztertuta egondako gehiengo xiitaren esku dago, eta sunitak dira orain diskriminazioa salatzen dutenak. Indarkeria sektarioa berpiztu da, eta gerra zibila lehertzeko arriskua dago. Urte hasieran 160 lagun hil dituzte hainbat erasotan.
Gerra hasi zenetik, baina, Obamak diskurtsoa aldatu behar izan du. 2003an, senataria zela, George Bushek hasitako gerra «zentzugabea» zela erran zuen. 2009an, boterera ailegatu zenean, gatazka amaituko zuela hitzeman zuen. Agurrean, berriz, inbasioa «zuzena» izan zela erran zuen. Gerra hasteko argudio nagusitzat Irakek suntsipen handiko armak zituela erabili zuen Bushek. Hori gezurra zela argi gelditu zen, eta erasoa petrolio baliabideez jabetzeko egin izana leporatu zieten AEBei. Obamak akusazio hori errefusatu du, eta armak ez ditu aipatu ere egin. Inbasioaren osteko Irak Saddam Husseinen agintepekoa baino hobea dela erranez laburbildu du Obamak ia bederatzi urteko gerra.
Izan ere Hussein giltzarria da Irakeko gerra ulertzeko. Iranen iraultza islamikoa gertatu zenean (1979), aliatuz inguratutako Persiar golkoan arerio deserosoa sortu zitzaien AEBei. Horregatik, Hussein Irani erasotzeko xaxatu zuten. «Baliteke Hussein putakume bat izatea, baina gure putakumea da», erran zuen Donald Rumsfeldek Iranen eta Iraken arteko gerran (1980-1988). Ronald Reagan presidentearen Ekialde Hurbilerako mandatari berezia izan zen Rumsfeld, eta 1983an Husseinekin elkartu zen Bagdaden, AEBen sostengua agertzeko. Hogei urte geroago, erregimena desagerrarazi zutenean, Defentsa idazkaria zen.
1990ean hautsi zen Husseinen eta AEBen arteko harremana, Irakek Kuwait inbaditu zuenean. Basamortuko ekaitza operazioa abiarazi zuten AEBek, nazioarteko koalizio batek lagunduta. Vietnam ondorengo gerra operazio handiena izan zen. Hilabete baino gutxi-gehiagoko borroketan, Irakeko tropak Kuwaitetik bidali zituzten, Iraken armada boteretsua erabat ahuldu zuten eta Husseinen erregimenari zigor gogorrak ezarri zizkioten. Gerra Hotzaren amaiera zen, eta Golkoko garaipenarekin Vietnamgo sindromea gainditutzat jo zuten AEBek.
2. Afganistan
SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren Vietnam bilakatu zen Afganistan 1980ko hamarkadan, mujahidin gerrillari islamisten aurkako gerrak odolustuta herrialdea utzi behar izan zuelako. AEBen laguntzak berebiziko garrantzia izan zuen Afganistango erresistentziaren garaipenean. 2001eko irailaren 11ren ondoren, ordea, egoera erabat irauli zen. New Yorkeko World Trade Centerren eta Pentagonoaren aurkako erasoen erantzulea, Osama bin Laden Al-Qaedako burua, Afganistanen bizi zen, taliban muturreko islamisten erregimenak babestuta. AEBetako iritzi publikoaren mendeku goseak lagunduta, Bushek Afganistanen inbasioa agindu zuen, Bin Laden harrapatu, Al-Qaedaren baseak deuseztatu eta talibanen erregimena botatzeko.
Bi urte geroago Iraken gertatu bezala, hilabete gutxian inbaditu zuten AEBek, eta talibanak agintetik bota zituzten. Zailena, ordea, gerra konbentzionala bukatzean etorri zen. Irakeko inbasioak ez bezala, Afganistangoak nazioarteko herrialde gehienen onespena izan zuen, eta aldi bereko bi operazio ezarri zituzten. Bata, Bushek inbasioarekin hasitakoa, Askatasun iraunkorra deitua, AEBek eta bere aliatuek ekialdean eta Pakistango mugan mantentzen dute, taliban gerrillariei aurre egiteko. Bertzea, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak ezarri zuen. ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak bidali zituzten Afganistanera, NATOren gidaritzapean, Kabulen eta inguruko eskualdeen segurtasuna bermatzeko. 2004an inbasio ondorengo lehen hauteskundeak egin zituzten, eta orduko behin-behineko presidentea, Hamid Karzai hautatu zuten.
Talibanek boterea galdu arren, baina, ez zuten gerra galdu, eta 2003tik gerrilla borroka eraginkorra abiarazi zuten, SESBen aurka egin bezala. Urtetik urtera AEBetako eta ISAFeko soldadu gehiago hil dituzte. Icasualties.org-en arabera, 2001etik nazioarteko 2.858 hil dira, AEBetakoak horietako 1.873. Obamak iazko ekainean aurkeztu zuen Afganistandik erretiratzeko plana, baina lana bukatu gabetzat jo zuen arren, AEBek «posizio sendoa» zutela aldarrikatu zuen. Hori argudiatu zuen erranez talibanak agintetik kendu zituztela, Bin Laden iazko maiatzean hil zutela, eta Al-Qaeda 2001etik «inoiz jasan duen presioa handiena» pairatzen ari dela.
Hori horrela izanik, baina, estrategia aldaketaren urtea izan da 2011, gatazka konpontzeko, gerraz gain, talibanekiko elkarrizketa bilatu baitute AEBek. Urtean 11.000 milioi dolar xahutu dituzte Afganistango armada finantzatzen, baina oraindik ez da gai ez talibanak militarki azpiratzeko, ez herrialde osoan botere zentrala ezartzeko. Afganistango Gobernua zama ekonomikoa bilakatu da AEBentzat, eta egoera erabat aldatu ezean, hipotesi hedatuena da 2014an nazioarteko tropek herrialdea uztean talibanek Kabulgo agintea azpiratuko dutela, Ipar Vietnamek Hego Vietnamekin egin bezala.
3. Erdialdeko Amerika
Vietnamgo gerraren ondoren, Grenadan (1983) eta Panaman (1989) egin zituzten AEBek hurrengo inbasioak. Golkokoarekin batera, XX. mendean bere ekimenez egindako azken gerrak izan ziren. Gerra Hotzaren testuinguruan Latinoamerikan mugimendu iraultzaileen eta ezkerreko gerrillen aurka esku hartzeko politika gogorra erabili zuen Washingtonek, baina normalean zeharka, kontrairaultzako indarrak edo estatu kolpeak sustatuz.
Karibeko Grenada uhartean, baina, 6.000 marinerekin sartzea erabaki zuen Reaganek, bertan zeuden estatubatuarren segurtasuna bermatzea aitzakiatzat hartuta. Bi hilabete baino gutxiago iraun zuten borrokek, eta galera eskasak pairatuta, boterea ezkerrak hartzea saihestu zuen Reaganek. Nazioarteak inbasioa gaitzetsi zuen. NBEren Batzar Nagusiak Panamako inbasioa ere gaitzetsi zuen. Manuel Noriega diktadoreak eta CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko laguntzaile ohiak Panamako Kanala nazionalizatzeko mehatxua egin zuen.George Bush aitak, beraz, hura boteretik kentzeko eta atxilotzeko agindu zuen. Borrokek soilik hiru aste iraun zuten, baina ehunka zibil hil ziren, eta 20.000 desplazatu inguru eragin zituzten.
4. Esku hartzeak
Vietnamez geroztik, aldebakarreko ekimenez sustatutakoez gain, nazioarteko indarrek zuzendutako gerra anitzetan parte hartu dute AEBek. Aipagarrienak dira 1990ko hamarkadan Jugoslavia ohiko gerretan NATOren baitan izandako parte hartzea —batez ere Serbiaren aurkako aire erasoekin—, Afrikako hainbat gerra zibiletan, Libanoko gerra zibilean (1975-1990) nazioarteko koalizio baten baitan, eta iaz Libian Muammar Gaddafiren erregimena eraisteko erasoan.
Gerra handiekin batera, esku hartze laburrak egiteko politika mantendu dute AEBek. Libia beraren aurka, adibidez, 1980ko hamarkadan hainbat eraso egin zituen, ospetsuenak 1986ko bonbardaketak Tripolin eta Bengazin —Gaddafiren alaba bat hil zuten—. Horrelakoetan galerak ere pairatu dituzte, ordea. 1993an, adibidez, Somalian milizia buru batzuk harrapatzeko asmoz egindako operazio batean, bi helikoptero bota zizkieten Muqdishon, eta hurrengo orduetan izandako borroketan AEBetako hemezortzi soldadu hil zituzten.
AEBen gerrak
Vietnamgo sindromea
AEBetan lorratz sakona utzi zuen Vietnamen izandako porrotak. Orduz geroztik egin dituzten inbasio eta gerretan agertu da haren mamua; bereziki, Iraketik atera berritan eta Afganistandik ateratzekotan daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu