Volgan hondoratutako itsasontzian ehundik gora gorpu aurkitu dituzte

208 bidaiari zeramatzan ontziak, eta arau asko urratu ditu: baimenik ez zuen jendea eramateko, eta motor bat ez zebilen

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Volga ibaian barna, Bulgaria bi solairuko itsasontzian, oporretan ziren herenegun Tatarstanen hondoratutakoak, Errusian. 208 pertsona zihoazen guztira ontzian —jasan zezakeena baino 50 bidaiari gehiago gutxienez—, eta tartean 30 haur eta 128 pertsona galdu zirela baieztatu zuten atzo. 79 lagun onik atera zituzten, eta galdutakoen artean inor bizirik aurkitzea ia ezinezkoa izango dela esaten jardun zuten atzo arratsaldean itsasontzia behatu zuten urpekariek: «30 haur daude hildakoen artean. Hiru hamarkadatan Errusian izan den itsas istripurik larriena da».

Agintari errusiarrek —hangoak dira bidaiari guztiak— huts mekanikoaz hitz egin dute ezbeharraren arrazoiak azaltzerakoan, eta jasan zezakeena baino pisu gehiago eraman izanak eragin zuela. Urra daitezken arau guztiak gainditu ditu itsasontziak. Bidaiarien zerrendan ageri ez diren 25 pertsona zihoazen. Are gehiago, itsasontziak ez zeukan baimenik pertsonak garraiatzeko, eta mekanikoki ez zegoen behar bezala prestatuta.

Kontrol gutxi

Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak onartu egin behar izan du Volgan dabiltzan itsasontziek «muga guztiak gainditzen» dituztela. «Orain arte ezer gertatu ez izanak ez du esan nahi ez zuela gertatu behar», garraioek egunero urratzen baitituzte legeak, batez ere uda sasoian. Batzorde bat sortuko dute gertatutakoa ikertzeko eta erantzuleak zigortzeko.

Bulgaria itsasontziaren kasuan, motorren egoera, gainera, «tamalgarria» zela aitortu du Garraio Ministerioko bozeramaile batek: «Itsasontzia abiatu zen, hasteko, ababorreko motor bat martxan jarri gabe». Erregaiz hornitu zuen ofizialak baieztatu du hori: soilik eskuin aldeko motorrari bota ziola eta, beraz, alde hori lau gradutan zegoela makurtuta. Hondoratu diren gehienak kafetegian eta jatetxean zeuden, agintarien ustez, ekitaldiren bat zegoen unean. Ito diren 30 haurrak jolas gela batean aurkitu dituzte. Bidaian emaztea eta 5 urteko biloba galdu dituen gizon baten bideoa banatu dute Errusiako komunikabideetan. Nikolai Txernov izena du, eta, haren arabera, inork ez zien jakinarazi itsasontzia hondoratzen ari zela. Itsasontzia irauli zen unean eguraldi oso txarra zegoela kontatu du, eta ontzia oso zaharra zela. Bizirik atera direnek bi ordu egin zituzten Volgako uretatik atera zain. «Beldurgarria izan da gertatutakoa».

1983an izan zen azken istripu larria, Volgako uretan hori ere. Alexdr Suvorov ontziak zubi baten kontra egin zuen, eta, iturri batzuen arabera, 176 pertsona hil ziren. Beste batzuek, ordea, 600 bat lagun hil zirela esaten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.