AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek azken aukera duela esan dio Baxar al-Assad Siriako presidenteari, eta oraindik irtenbide politiko bat lortzea posible dela adierazi du. Dena den, gatazka une erabakigarri batean dagoela ohartarazi du Clintonek, eta NBEren eta Arabiar Ligaren bake misioak aurrera egiten ez badu neurriak hartuko dituztela jakinarazi dio Damaskori. Herrialdean, bitartean, Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren plana urratzea egozten diote elkarri gobernuak eta oposizioak.
Apirilaren 10ean su-etena indarrean sartu bazen ere erasoak etenik ez dutela salatu du oposizioak. Herri Koordinaziorako Batzordeen esanetan atzokoan hamabost lagun hil ziren erregimenaren erasoetan eta Londresen egoitza duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak, berriz, bi hildako salatu ditu. Erregimenak berriz, «eraso terroristetan» hainbat soldadu hil dituztela salatu du.
Bitartean, Siriako diplomazia buru Walid al-Mualemek su-etena betetzeko konpromisoa berretsi dio Txinako homologoari, baina bere hitzek ez dute lasaitasunik eragin nazioartean. «Herrialde guztiak kezkatuta daude Siriako egoerarekin. Al-Assaden erregimena ekintzengatik epaituko dugu, ez hitzengatik», esan du Clintonek Bruselan NATOko aliatuen bilera batean. Susan Rice NBEren Segurtasun Kontseiluko txandakako presidente estatubatuarrak ere kezka adierazi du, eta erakundeko herrialde gehienak ere ezkor daudela adierazi du. NBEren behatzaileek lan egiteko askatasunik ez dutela ere salatu du. Atzo gauean zen, NBEren idazkari nagusi Ban Ki-moon Segurtasun Kontseiluari behatzaileen misioaren inguruan proposamen bat egitekoa.
Bestetik, Siriara ustez armak eta munizioa zeramatzan itsasontzi bat atzeman dute Turkian, NBEk arriskuaz ohartarazi ondoren. Ontzia Iskenderum badian geldituta dute, Poliziak ikerketa amaitu bitartean. Iran Siriako erregimenari armak helarazten ari delakoan dago oposizioa.
Washingtonek Al-Assadi esan dio azken aukera duela irtenbide politikorako
Siriako Gobernuak su-etena betetzeko konpromisoa agertu du; oposizioak erasoak eta hildakoak salatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu