IRAKEKO OKUPAZIOA

Washingtonek ziurtatu du botere eskualdatzea ez dela atzeratuko

Irakeko behin-behineko gobernuari agintea transferitzea «formala» izango dela iritzi dio Moskuk

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ezzedine Salim Irakeko Gobernu Kontseiluko jarduneko presidentearen hilketaren biharamunean, Ameriketako Estatu Batuetako agintariek ziurtatu dute datorren ekainaren 30erako finkatua den botere eskualdatzea ez dela atzeratuko. Hori ez dela «data majikoa» izango ohartarazi zuten, hala ere, okupazio indarrak herrialdean geratuko direla zehaztuta. Errusiaren ustez, aldiz, Irakeko behin-behineko gobernu bati boterea transferitzea «formala» izango da.

«Iraken burujabetza eta bakerako bidearen trabatu nahian dabiltza terroristak, baina honelakorik ez dute lortuko», adierazizuen atzo Paul Bremer AEBekIraken izendatutako administrariak, Ezzedine Salimen hileta ospakizunetan, Bagdaden. «Datorren hilabetean, behin-behineko gobernu baten eratzera eta hurrengo urtean hauteskundeak antolatzera garamatzan prozesuan aurrera eman behar dugu», gehitu zuen Bremerrek Bagdaden.

Zalantzak botere jabetzeaz

«Hurrengo asteak, seguru ere, gogorrak izango dira Iraken», iritzi zion bere aldetik George W. Bush AEBetako presidentearen segurtasun nazionaleko aholkulari Condoleezza Ricek, Frantziako Le Figaro egunkarian argitaratutako elkarrizketan. «Botere eskualdaketarako datatik hurbildu garen bezala, prozesu honen galarazteko ahalegin gero eta gogorragoak egongo dira, zeren eta okupazio egoera bat, prozesu politiko berri bat baino jomuga errazagoa baita», azaldu zuen AEBetako Gobernuko goi-arduradunak.

«Gure ustea da beti Irakek bide demokratiko bat aukeratuko duela eta hori lortzen baldin badu Ekialde Ertainak bere osotasunean lor dezake».Botere eskualdatzerako finkatua den ekainaren 30eko eguna ez dela «data magiko bat» izango ohartarazi zuen aldiz Donald Rumsfeld AEBetako Defentsa idazkariak. «Gure soldaduak ez dira etxeratuko ekainaren 30ean eta Irakeko Estatu sendo bat ez da sortuko egun horretan, mundu zabalaren lilura handienerako» azaldu zuelarik. Rumsfeldek ez zuen baztertu ere botere eskualdatzearen ostean kaosa areagotzea Iraken, zeren eta «aurreko erregimenaren jarraitzaileen mehatxuak gainean izango baititu aginte irakiar berriak». Gauzak horrela, Ezzedine Selimen ordez, Irakeko Gobernu Kontseiluko presidente izendatu duten Ghazi Adjil al-Jauarrek aditzerat eman zuen atzo datorren uztailaren 1etik aurrera agintean egongo den Irakeko behin-behineko gobernuak benetako botere ahalak eskuko behar lituzkeela izan. Alabaina, Irakeko Defentsa ministro izango denak herrialdeko indar armatuak zein ere nazioarteko indarrak bere agindupean izatea egokiena litzatekeela iritzi bazion ere, horrelakorik nekez lortuko dela aitortu zuen.Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavroven iritzian, berriz, «datorren ekainaren 30ean, benetako botererik izango ez duen Gobernu baten zin egite ospakizun bat egongo da Bagdaden; ez da funtsez ezer aldatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.