«Nevadan irabaziko dugu! Hauteskunde hauek irabaziko ditugu!». Oihuka eta txaloka jarri ditu Barack Obamak Renoko jarraitzaileak, hitzaldiaren azken txanpan sartu denean. 24 minutuz hitz egin du AEBetako presidente eta Alderdi Demokratako presidentegaiak astearte arratsaldez Renon (Nevada), Trucke Meadows lanbide hezkuntzako ikastegian. Eserita mila lagunentzako tokia izan ohi du auditoriumak, baina bi milatik gora bildu dira, gehienak zutik, Obama bertatik bertara ikusteko eta entzuteko.
Joan den maiatzetik hiru aldiz etorri da Obama Renora. Ez da hiri handia: 225.000 bizilagun udalerrian, ia 700.000 metropolian. Nevada ipar-mendebaldean kokatua dago, basamortua alde batean eta Kalifornia handi eta boteretsuarekiko muga egiten duen Sierra Nevada mendikatea bestean. Nevadak 2,7 milioi lagun ditu, eta Kaliforniak 37 milioi. AEBetako presidentea aukeratzeko hauteskunde sisteman, Kaliforniari 55 hautes-boto dagozkio eta Nevadari sei bakarrik. 270 behar dira Etxe Zurira iristeko. Baina, hala eta guztiz ere, Obama Nevadara dator boto bila, eta ez Kaliforniara, ziurtatuta baitu han garaipena. Hemen, ez. Duela lau urte Obamak erraz irabazi zuen, eta datorren azarorako ere bera da faboritoa, azken inkesten arabera bost puntuko aldea kentzen baitio hautagai errepublikanoari. Baina ezer ez dago erabakia. Zilarrezko Estatua esaten zaio, baina urrea balio dute Nevadako botoek.
Hitzik ez krisi ekonomikoaz
«Washoe konderrian irabaziko dugu!» ere oihukatu du Obamak. Swing estatua da Nevada, nork irabaziko duen jakina ez den dozena inguru estatuetako bat, eta swing barrutiak ditu bere barruan. Hegoaldean, Las Vegasko kasinoetako langileek Obamari garaipena emango diote Clark konderriko barrutian. Nevada zabaleko nekazari barruti kontserbadoreetan, Romneyk irabaziko duela jakina da. Borrokagunea Washoe konderria da, Reno hiria hartzen duen konderria, washoe tribu indiarrari izena hartu zion eskualdea, batzuetan demokratak eta besteetan errepublikanoak nagusitzen diren eskualdea. Etorriko da Romney ere.
Ozeanoa zeharkatzeko moduko titulurik ez du eman Obamak Renon. Hezkuntzaz mintzatu da, Mitt Romneyk eta Paul Ryanek irabaziz gero milioi bat ikaslek bekak galduko dituztela ohartarazteko, eta Obamaren politikari esker laguntza publikoak hiru milioi ikaslek gehiagok jaso dituztela nabarmentzeko. «Ez naiz etorri hitz egiteagatik hitz egitera», esan du. «Badakigu!», erantzun dio ahots batek oso metro gutxira dituen ikusleen artetik. Hezkuntzaren arloko lorpenak zerrendatzen hasi da jarraian. Eta lehengo ahots berak: «Eskerrik asko!».
Hogei bat aldiz eten diote hitzaldia jarraitzaileen txaloek eta, batez ere, oihuek. Eta «Romney» esan duen bakoitzean, publikoak «buuuu!» ozen batekin erantzuten du. Dozena bat aldiz bai. Une beroenetan, Etxe Zurian lau urte gehiago nahi dutela oihukatu diote jarraitzaileek, eskuak jasoz eta esku bakoitzean lau hatzamar erakutsiz: «Four more years! Four more years!». Pegatinak daramatzate askok: «Gotta Vote» (bozkatu beharra dago), «Women for Obama» (emakumeak Obamaren alde). Gazteleraz ere bai: «Cada voto cuenta» (boto guztiek balio dute), «Latinos por Obama» (latinoak Obamaren alde).
Obamak ez du asteko gaia aipatu. Ez du Todd Akin kongresukide errepublikano eta Senaturako hautagaiak bortxaketaz eta abortuaz egindako adierazpen polemikoez txintik esan. Urteko —edo azken urteotako— gaiaz ere hitzik ez: krisi ekonomikoaz hitz egiteak botorik ez diola emango badaki. Nevadan are gutxiago, AEBetako estaturik kolpatuenetakoa baita, langabezia maila handienarekin (%12tik gora) eta hipoteka ordaindu ezinik etxebizitza galdu dutenen proportzio handienetakoarekin. Ikasleen zorrez eta Estatuaren laguntzez hitz egin du luze eta, bukaerara hurbiltzean, mezu sinpleagoetara jo du, jarraitzaileek bibaka eta txaloka erantzutea errazteko: «Nik aurrera egin nahi dut, eta berak, [Romneyk] atzera. Horixe dago jokoan!». Aurrera. Horixe da, hain zuzen, Obamaren kanpainaren lelo nagusia, eta horixe irakur daiteke mintzatokiaren azpiko afixa txikian eta aretoko hormetako batean zintzilikatutako kartel handian: «Forward». Obamaren bizkarrean, nola ez, AEBetako bandera erraldoia goitik behera zintzilik.
Segurtasun neurriak ez dira ikusgarriak izan. Usaimen fineko txakur eta guzti miaketa, eta barrura. Obama hizketan ari den bitartean, traje beltzeko hamar bat lagun taularen aurrealdean jendeari adi, eta uniformedun batzuk han eta hemen. Renoko gidariek igarriko zuten, hala ere: presidenteak eta segizioak aireportutik joan-etorria egin duenean, autobiak eta errepideak itxi dituzte, baita spaghetti bowl esaten zaion bidegurutzea ere, Renoko errepide nagusi gehienak gurutzatzen diren gunea. Hitzaldia bukatu eta ordubetera, aparkalekutik atera ezinik jarraitzen duten jarraitzaileek eta kazetariek Air Force One hegazkina aireratzen ikusi dute, eta mendi arreetan barna urrutiratzen, hurrengo geltokirako bidean: Las Vegas.
Washoe irabazi, dena irabazteko
Barack Obama Renon izan da berriro, Nevadako borrokagune erabakigarrian irabazteko ahaleginean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu