Facebooken kontseilari delegatuaren hitzak argiak baino argiagoak izan dira teknologia sektorean hautsak harrotuko dituen akordio hori azaltzean: "Facebook telefonia mugikorreko konpainia bat bihurtzeko bidaiaren baitan ulertu behar da akordio hau". Negozioa non dagoen erabaki du Zuckerbergek, eta sektorean bete-betean sartzeko urratsa egin du.
Operazioa oraindik ez dute gauzatu, baina 4.000 milioi dolar esku dirutan ordainduko ditu Facebook sare sozialak, 12.000 milioi akzioetan, eta 3.000 milioi RSU (Restricted Stock Unit) akzioetan.
"Whatsapp mila milioi pertsona lotzeko bidean da. Mugarri hori lortu duten zerbitzuek balio izugarria dute", esan du Facebookeko sortzaile eta kontseilari ordezkariak. Egunero milioi bat inguru erabiltzailek deskargatzen dute mezularitza aplikazioa euren sakelekoetan, gaur egun.
Azken hilabeteetan lehiakide gogorra atera zaio Whatsapp ahaltsuari Telegram aplikazioarekin. Hura ere musutruk deskarga daiteke iPhone eta Androideko telefonoetara, eta ikus-entzunezko dokumentuak berehala trukatzeko gaitasunarekin batera, bestelako dokumentuak bidaltzeko eta jasotzeko aukera ematen du.
Oraingoz, ordea, ez du indarrik erakutsi Whatsappi itzala egiteko. Erabiltzaileen kopuruan dago gakoa; zenbat eta gehiago orduan eta boteretsuago, orduan eta errazagoa izango baita edonorekin mezularitza zerbitzuaren bidez bat egitea. Aurretik, Line aplikazioa izan zuen bere nagusitasunaren mehatxu, baina hura ere atzean dauka. Une honetan 330 milioi erabiltzaile ditu mundu zabalean. Viber ere oso hedatua dago; Rakuten Asiako erraldoiak 900 milioi dolar pagatu ditu berriki haren truke. 300 milioi erabiltzaile inguru ditu.
Whatsapp, ordea, gai izan da telefonia konpainien SMS mezularitza zerbitzuaren negozioa ezabatzeko. Munduko konpainia guztien SMS kopuruaren pare dabil. Datu horrek argi erakusten du aplikazioaren indarra eta neurria zein den. Telefonica, Orange eta Vodafone Joyn sustatzen ari dira Whatsappi aurre egiteko, oraingoz arrakasta gutxirekin. Facebooken sarrerak, orain, lehiakide are handiagoa bihur dezake buruhauste izugarria ekarri dien aplikazio hori.
Jan Koum mezularitza zerbitzuaren sortzaileak adierazi du mezularitza "sinple, egonkor eta unean unekoak" eragin duela erabiltzaileen arteko "konexio sakona eta zerbitzuen hazkunde azkarra". "Ohorea da Marken [Zuckerberg] eta Facebooken bazkide izatea", gaineratu du.
Sare sozialak eginiko eskaintza orain arte sekula eginiko garestiena da; Instagram argazkien sare sozialarengatik, esaterako, 1.000 milioi dolar ordaindu zituen 2012an. Erabiltzaile bakoitzeko 40 dolar inguru ordaindu dizkio Facebookek Whatsappi. Horrek esan nahi du Zuckerbergen apusturik handiena dela oraingoa.
Operazioak merkatu arautzaileen oniritzia lortuko ez balu, Facebookek 2.000 milio dolar ordaindu beharko lizkioke Whatsappi. Facebookek burtsan duen balioaren %10aren parekoa da Whatsappen erosketa. Ez Applek, ez Microsoftek eta ez Googlek ez dute inoiz hain erosketa garestirik egin. Googlek 12.500 milioi dolar ordaindu zituen Motorola Mobilityren truke; eta Microsoftek, 8.500 milioi Skype erosteko. Horiek dira 19.000 milioi dolarretako operaziora gehien hurbiltzen direnak. Applek ez du sekula 1.000 milioi baino gehiago ordaindu lehiakide bat edo haren zerbitzu bat erosteko.