Europako Batasunak Israelen duen enbaxadore Ramiro Cebrianek ukatu egin zituen Hamasen salaketak eta PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin hitz egiten jarraitzeko asmoa nabarmendu zuen. «PANeko gobernu berriarekin elkarlanean aritzeko lehen pausoa eman dugu, oinarriak ezarriz. Orain oinarri horiek onartzeko prest dauden esan behar dute agintari palestinarrek». Haren ustez, EBk jarritako baldintzak, zentzuzkoak eta onargarriak dira, «PANekin negoziatzen jarraitzeko, beharrezkoa delako hark indarkeria gaitzestea». Hamasek Gazan duen arduradun Sami Abu Zuhriren arabera, ordea, Israelen okupazioaren eta erasoen amaiera eskatu behar zuen Laukoteak, eta ez biktimak okupazioa onartzeko eta erasoen aurrean eskuak gurutzatuta egoteko.Hamasek ez ezik, Saudi Arabiako Atzerri ministro Saud al Faisalek ere kritikatu egin zuen nazioartearen erabakia. «Demokratikoki hitz egin duen herriaren borondatea ez duela onartuko esatea ez da zentzuzkoa». Haren esanetan, EB zen lurralde palestinarretan bozak egin nahi zituena: «Horren ondorioa da hau». PANeko jarduneko Negoziazio ministro Saeb Erekatek, berriz, nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko eskatu zion atzo Hamasi. «Palestinarren interesak beste edozeren aurretik jarri behar ditu».
Bilerak Israelgo zerbitzu sekretuekin
Israelgo zerbitzu sekretuetako kideekin bildu ziren atzo Hamaseko ordezkariak. Israelgo iturrien arabera, segurtasun arazoetaz aritu ziren bi aldeak eta Hamasek erasorik egingo ez duen itxaropena zutela azaldu zien Israelgo Poliziak palestinarrei. Hurrengo egunetan antzeko bilera gehiago egiteko asmoa iragarri zuten bi aldeek. Horretaz gain, Hamaseko buruzagi Khaled Meshalekin biltzekoa zen atzo gauean PANeko presidente Mahmud Abbas, Egipton.
Bestalde, Zisjordania iparraldean izandako tiroketa batean Jihad Islamikoko bi kide hil eta Israelgo soldadu bat zauritu zuten. Jeninetik gertu izan zen tiroketa, ustezko ekintzaile baten bila zebiltzan soldaduek eraikin bat inguratu zutenean.Danimarkako Jyllands-Posten egunkariak barkamena eskatu zuen atzo Mahoma profetaren karikaturak argitaratzeagatik. Irudietan buruan bonba bat zuela agertzen zen profeta, eta horrek musulmanen eta erakunde palestinarren haserrea eragin zuen. Gauzak horrela, 48 orduko epea jarri zieten herenegun Gazan zeuden danimarkarrei handik ateratzeko. Horretaz gain, Danimarkako produktuei boikota egitera deitu zuten. Erlijio Islamikoaren Elkarteak egunkariaren barkamena onartu eta Danimarkako lehen ministroaren azalpenak eskertu zituen. Baina erabateko barkamena eskatzeko galdegin zion komunikabideari. Hark, ordea, marrazkia argitaratzeko askatasuna duela dio.Era berean, Amona kokagunean bizi diren 38 familia judu handik ateratzekoak dituzte gaur. Inguruko 130 kokaguneetako buruzagiek operazioa egun bat atzeratzeko eskatu zioten Israelgo jarduneko lehen ministro Ehud Olmerti, baina alferrik. Amonako legez kanpoko kokagunea hustu ostean, besteekin ere gauza bera egingo duten beldur dira kolonoak. Ondorioz, 3.000 militante judu inguru daude Amonan, operazioa oztopatu asmoz. Amonako kokagunea Israelgo lehen ministro ohi Ariel Sharonek berak bultzatu zuen eta 2001az geroztik eraikitako legez kanpoko 24 kokaguneetatik lehena izan zen.Israelgo bozetarako Kadimako hautagaien zerrenda aurkeztekoa zen atzo Olmert. Sharonek sortu zuen alderdia eta Likudeko nahiz Alderdi Laboristako kideak daude bertan. Zenbait iturriren arabera, Sharon bera izan daiteke hautagaietako bat. Urtarrilaren 4an, garuneko isuria izan zuen buruzagi israeldarrak eta auzitegiek «behin-behinekoz ezgai» dela adierazi dute. PANeko goi karguak eta enpresaburu palestinarrak, berriz, dirua nazioarteko bankuetara eramaten ari dira. Ustelkeriaren kontra egingo zuela ohartarazi zuen Hamasek, eta enpresaburuak beldur dira esandakoa beteko ote duen.
Hamasen oinarri eta helburuak
Erresistentzia Islamikorako Mugimenduak (Hamas) 1988ko abuztuaren 18an ezarri zituen erakundearen oinarriak izango zirenak. Hauek dira puntu nagusiak:
Oinarri ideologikoak: Islama da Mugimenduaren programa. Hortik hartzen ditu bere ideiak, pentsatzeko modua eta unibertsoa, bizitza eta gizakia ulertzeko moduak. Hortaz baliatzen da inoren jarrerak epaitu edo eman beharreko pausoak erabaki behar dituenean. Etsaia zapaldu: Erresistentzia Islamikorako Mugimenduaren ustez, nazionalismoa erlijioaren zati da. Etsaia musulmanen lurretan sartzen denean musulmanen eginbeharra da hari aurre egin eta hura zapaltzea.
Irtenbide baketsuak: Ez dago Jihad-a gerra santua beste irtenbiderik palestinarren arazoa konpontzeko. Nazioartearen ekimenak, proposamenak eta konferentziak denbora galtzeak eta alferreko saioak besterik ez dira.
Lurralde palestinarrak: Palestina askatzea musulmanen eginbeharra da, edonon daudela ere.
Gerra santua: Juduek Palestina okupatuz gero, derrigorrezkoa da Jihad-aren bandera zabaltzea. Nazioaren bihotzak gerra santuaren espiritua bereganatu behar du. Era horretan, etsaiei aurre egingo die.
Emakumeen rola: Askatasunaren aldeko borrokan emakumeen rola ez da gizonezkoena baino txikiagoa. Gizon egilea da. Belaunaldi berriak gidatu eta heztea lan handia da. Etsaiek badakite hori. Badakite emakumeak Islametik urruntzeko gai badira, gerra irabaziko dutela.
Palestina Askatzeko Erakundea: Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduaren bihotzetik gertuen dagoena da Palestina Askatzeko Erakundea. «Gure herrialdea bakarra da, gure egoera bakarra, zoria bakarra eta etsaia ere bat bera da guztiontzat». Palestina Askatzeko Erakundeak estatu laiko bat sortzea du helburu. Baina laizismoa erlijioaren kontrakoa da. PAEk Islama bizimodu gisa onartzen duen egunean, «haren soldaduak bilakatuko gara eta etsaiak bion sutan erreko dira».
Beste erlijioak: Gurea humanismozko mugimendua da. Giza eskubideak bermatzen ditu eta, Islamak agintzen duen bezala, tolerantziaz jokatzen du beste erlijioetako kideekin. Islamak ez du inor etsai bihurtzen, besteak hura etsai bilakatu eta musulmanen bidea oztopatzen ez duen bitartean.