Aliantza koalizio kontserbadorearen gobernuaren gehiengo osoa kolokan jartzeko moduan ere izango dira, eskuin muturraren aldera gehien egiten duten inkestek esandakoa betetzen bada, eta emaitzak gorabehera gobernuaren mezua gogortuko dela uste dute adituek, eskuinerago jarriko direla.
Europako herri gehienetan baino eskuzabalagoa izan da urte askoan Suediaren asilo politika, eta duela ez asko neurriak gogortu arren, oraindik badago hartzailearen izen onaren alde egiteko mezurik, eta hori izan da oposizioaren egiteko nagusia. 100.000 pertsona inguru iristen da urtero haien artera, biztanleen %1, eta9,4 milioi herritarretatik 1,4 Suediatik kanpo jaiotakoak dira; %6k, berriz, atzerritarrak dituzte gurasoak.
Deportazioen politika
Lau urteotan migrazio politikak aldaketa batzuk izan ditu, hala ere. Besteak beste, senitartekoekin elkartzeko bideak gogortu dituzte -independentzia ekonomikoa izan behar dute kide guztiek-, baina dagoeneko Suedian diren irakiarrek izan dituzte batez ere arazoak, deportazio ugari jasan behar izan baitituzte: 120.000 irakiar bizi da gaur egun Suedian, eta Nazio Batuen Erakundeak berak onartu du egoera gizagabeak eragiten ari dela gerrak egindako immigranteak itzultzeko erabakia -Suedia ez da neurri hori hartu duen herri bakarra-.
Hala ere, Europako edozein herrik nahiko lukeen moduan, krisitik ateratzen hastea lortu du Suediak. Leku guztiak bezala gainbehera ekonomikoak astindu badu ere, langabeziak beheranzko joera erakutsi du azken bi urteotan, eta ekonomia emaitza positiboak izaten ari da, neurri handi batean Frederik Reinfeldt lehen ministroaren gobernuak hartutakoerabakien eraginez. Besteak beste, zergak jaitsi dituzte, eta langabeen laguntza sozialak murriztu, baina beldurraren mamua geldiarazteko neurri horiek baino gehiago beharko dira, Europan krisiaz gero askoz gehiago zabaldu den mugimendu xenofoboaren kontra egiteko.
Lehen herri industrializatua zen, baina zerbitzuen gizartea denetik, gainera, ez du iraganean bezain besteko eskulana behar, eta aldaketa horretan atzerritarrak kaltetu dira gehien. Haien arteko langabezia igoerak delinkuentzia eta immigrazioa elkartzea erraztu du, eta hori elikatzeaz arduratu da eskuin muturreko Suediako Demokratak alderdia.
Kontserbadoreak faborito
Inkesta gehienek Fredik Reindfelt kontserbadorearen koalizio zentro-eskuindarrak bakarrik gobernatzeko adina boto eskuratuko dituela esan dute egunotan. Hauteskundeen bezperan ateratako hiru inkestetan, hiru eta sei punturen arteko diferentzia eman diote Mona Sahlin sozialdemokrataren oposizioko koalizioarekiko; gehiengo osoa dantzan da, betiere, gaur gauean behin betiko emaitzak jakin arte. Baieztatuko balitz, Suediako historian bi aldiz lehen ministro aukeratu duten zentro-eskuineko lehen hautagaia bilakatuko litzateke Reinfeldt, eta sozialdemokratei gehien bozkaturiko alderdiarenlekua kentzeko aukera historikoa ere lor dezake. Alderdi sozialdemokrata 78 urtean 65etan egon da gobernuan, baina duela lau urte porrot historikoa izan zuen - botoen %35-, eta beheranzko joera irauli nahian dabiltza 78 urtean 65etan gobernatu dutenak.
Herritar gehienentzat atzera egitea da eskuin muturraren gorakada, eta aldez aurretik Legebiltzarrean dauden bi koalizio nagusiek -kontserbadoreak eta ezkertiarrak- baztertu egin dute Jimmie Akessonen alderdiarekin gobernu akordiorik egitea, baina boterea eman diezaiokete emaitzek, eragiteko aukera, eta haiensarrerak etorkizunean koalizio kontserbadorean izan dezakeen eragina aztertu beharko dela diote adituek, gaur irabazletzat jotzen dutenen aldean.
Hala ere, emaitzek gehiengo osoarekin hausten badute, egun dauden koalizioak hautsi eta berriak egiteko aukerak ere aztertu dituzte hauteskundeen atarian. Gutxiengoan gobernatzeko bidea ere hor dago, baita hauteskundeetara berriz deitzekoa ere. Horregatik, kanpainaren azken egunetan, alde bateko zein besteko hautagaiek eskuin muturreko alderdiaren kontrako mezuak nabarmendu dituzte. Ekonomia neurrien azalpena bazter uztea erabaki dute Legebiltzarrera sartzera doana atarian uzteko.