Irak

Xiitek ehun sunitatik gora hil dituzte azken orduetan, Al Askari santutegia eztandarazi dutela-eta mendeku hartzeko

Irakeko Poliziak ehundik gora lagun aurkitu ditu hilotz azken orduetan Bagdaden eta inguruetan, guztiak musulman sunitak. Barne Ministerioko iturrien arabera, komunitate xiitak atzo beren santutegi nagusietako baten aurka egindako atentatuari emandako erantzuna da hilketa olde hori. Era berean, ehun bat meskita sunita erre dituzte. Gerra zibila piztuko den kezka agertu dute Irakeko agintariek.

2006ko otsailaren 23a
15:48
Entzun
Mundu osoko xiiten santutegi nagusietako bat den Al Askari tenplua zenbait lehergailu eztandarazi zituzten atzo, eta oso kalte handiak eragin zituzten: besteak beste, santutegiaren urre koloreko kupula guztiz suntsitu zuten.

Eraso horrek Iraken nagusi den komunitate xiitaren haserrea piztu zuen, eta protesta olde bortitza eragin. Irakeko Barne Ministerioak emandako datuen arabera, santutegiaren aurkako atentatua gertatu zenetik ehun musulman sunita inguru buruan tiroa zutela hilda agertu dira Bagdaden eta inguruetan. Iturri horien arabera, xiitek hil dituzte lagun horiek, tenpluaren aurkako erasoa dela-eta mendeku hartzeko.

Horrez gain, ehun bat meskita sunitari eraso diote Irak osoan.

Irakeko Gobernuak —xiitak dira nagusi— lasaitasunerako deia egin du, eta, era berean, oso kezkatuta agertu da gerra zibila piztuko den beldur delako. Tenpluak babesteko neurriak hartuko dituela agindu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.