Xinjiang probintzian joan den igandean liskarrak sustatu zituztenak hiltzera zigor ditzakeela dio Txinako Gobernuak. Hala jakinarazi du Li Zhik, Urumqi hiriburuko Alderdi Komunistako idazkari nagusiak. Zifra ofizialen arabera, 1.434 lagun atzeman ditu poliziak azken egunetan. Hiri horretan igandean hasi ziren uigurren eta han etniakoen arteko borrokak, eta ez dirudi oraingoz amaitzekoak direnik. Atzokoan ere, etxeratze agindua indarrean ez zegoen ordutan, hanek gutxienez lau uigur hil zituztela jakinarazi dutebertan dauden atzerriko kazetariek.
Hiriko agintariek hala aginduta, Urumqiko bizilagunek ezin dute kalera atera iluntzeko 09:00etatik goizeko 08:00etara. «Kaosa ez handitzeko» hartu zuten erabakia, herenegun. Han etniako herritarrak uigurren kontra ekin zieten, makilak, beisboleko bateak, hodi zatiak eta labanak eskuan zituztela. Zenbaitek su armak ere bazeramatzan. Igandean beren kideak hil izana eta negozioei su ematea leporatzen zieten haiei.
Horren aurrean, aztoratutako jende multzoak hildakoen zerrenda luza ez dezan, poliziaz josi dute hiria. Hala argudiatzen dute, behinik behin, agintariek. Eta hiriburua kontrolpean zeukatela ziurtatzen zuten atzo. Militarrek tankeekin patruilatu zituzten kaleak bart, eta helikopteroek zeharkatu zuten zerua, 11 orduz. Eta lasaitasunerako deia egin zuen Zhik: «Guztiok egin behar diogu uko indarkeriari, bereziki hanek». Atzerriko hedabideek elkarrizketatu dituzten uigurrek, ordea, ez dute uste poliziak beraien etniakoak babesten ari direnik. «Etxean giltzapetuta gaude, beldurrak airean», esaten zion Nanlangpuo kalean bizi den emakume uigur batek EFE agentziari. Atxilotutakoen artean han etniakorik ez egotea horren froga dela diote. Informazio hori egiaztatzeko biderik ez dago, ordea.
Informazio itzalaldia
Xinhua agentzia ofizialak ez du atzo goizaldeko 01:00etatik Xinjiango hiriburuan gertatzen ari denaren berri ematen. Telebista kate publikoan ere ezin dira ikusi borroken irudiak. Era berean, Internet eta telefono zerbitzuak moztuta daude, hoteletan izan ezik. Facebook sare soziala zentsuratu egin dute, baita YouTube ere, inork ez ditzan azken egunetako irudiak bertan zintzilikatu. Eta atzerriko kazetariek beren lana egiteko oztopoak topatu dituztela esan dute.
Zenbait atxilotu ere egin dituztela salatu du Txinako Kazetari Atzerritarren Klubak. Bide beretik, RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak zera adierazi du: «Alderdi Komunista atzerriko hedabideak manipulatzen ari da, eta bidali bereziak poliziaz lagunduta joaten dira leku guztietara».
Informazio itzalaldi hori dela medio, ez da erraza jazotzen ari dena ezagutzea. Eta horrexegatik dira kontraesankorrak zifra gehienak. Hildakoei dagokienez, esaterako, Gobernuak 156 zenbatzen ditu; uigur diasporak, berriz, 600 eta 800 artean direla ziurtatu du. Uigurren Munduko Kongresuak eman ditu datuok. Tartean haurrak ere badaudela dio. Erakundeko idazkari nagusi Dolkun Isaren arabera, poliziek baino, han etniako herritarrek hil dituzte gehienak. Haren aburuz, Urumqiko Unibertsitateko lau medikuntza ikasleri buruamoztu zien han talde batek. Eta traktoreak egiten dituzten lantegi baten ateetan hanek 150bat uigur sarraskitu zituztela ere salatu du.
Borrokak etenik gabe
AFP berri agentziak identifikatu gabe erreferentzia egiten dion iturri baten arabera, atzerriko kazetariak ostatu hartuta dauden hoteletik 100 bat metrora emakume uigur bat hil zuten Txinako etnia nagusiko zenbait kidek. Bestalde, Gobernuak uigurren hilotzak ezkutatu egin dituela esan du Seyit Tumturkek, Uigurren Munduko Kongresuko presidenteordeak, Turkiako NTV telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean. Haren arabera, Urumqiko antzoki nagusian dauzkate, polizien zaintzapean. Turkian babestu dira Xinjiangdik ihes egindako uigur asko, etnia horrek jatorri turkiarra baitu.
Egoerak lasaitzeko itxurarik ez duenez, Hu Jintao Txinako presidenteak Italia utzi eta etxera itzultzea erabaki du. G8koak egunotan L'Aquila hirian egiten ari diren goi bileran parte hartzekoa zen, baina atzo hartu zuen Txinarako hegaldia, «barneko kontuengatik eta Xinjiangen gertatzen ari denagatik». Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak hitzordua probestu eta Hu Jintao itauntzeko asmoa agertu zuen.
Xinjiango liskarren erantzuleak hiltzera zigor ditzakeela dio Txinak
Atxilotutakoen artean han etniakorik ez dagoela-eta, polizia beren kideak babesten ari diren zalantzan jarri dute uigurrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu