Protestak herrialde arabiarretan

Yemengo arma fabrika bateko eztanda batek sarraskia eragin du

Matxino islamistek herenegun euren esku hartu zuten lantegia; leherketa zigarro batek eragin du, ustez

Erredakzioa
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Yemengo hegoaldean, Jaar hirian arma fabrika batean izan diren leherketetan, gutxienez 110 lagun hil dira. Eztanda zigarro batek eragin duela uste dute. Herenegun matxino islamistek fabrika hori euren esku hartu zuten. Leherketaren unean hainbat herritar armak eta munizio soberakinak arpilatzen ari ziren.

Igandean liskarrak piztu ziren Jaarko talde armatuen artean. Horietako talde batek Abian eskualdeko hainbat eraikin publiko hartu zituen. Besteak beste, irrati bat eta gobernuaren eta segurtasun indarren hainbat egoitza. Armen fabrika ere orduan okupatu zuten. Eraikin horien zaindariek postuak utzi zituzten erasoak egon zitezkeelakoan.

Azken asteotan Yemenen jazo diren protesten inguruan kezka agertu dute AEBek. Robert Gates Defentsarako idazkariaren arabera, Ali Abdala Sale presidentea kanporatzea edo «ordezko ahulago» bat jartzea arazo izango da herrialdearen segurtasunerako. Arabiar penintsulan Al Kaedak Yemendik lan egiten duela diote AEBek. Yemen, «terrorismoaren aurkako borrokan» AEBen aliatu izan dela gogorarazi du Gatesek.

Sale presidenteak, berriz, herriak hala nahi izanez gero boterea era baketsuan uzteko prest dagoela adierazi du. Dena den, oposizioa gutxiengoa dela sinetsita dago, eta gutxiengoak ez duela gehiengoaren nahia zanpatu behar dio.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.