Uda hasieraz geroztik egunik gogorrenak izaten ari dira Sanan, Yemengo hiriburuan. Igandeaz geroztik 50 lagunetik goiti hil dituzte protestetan, eta, hegoaldeko Taiz hirian hildakoak kontuan hartuz gero, biktima kopurua 60tik goitikoa da. Ali Abdala Sale presidentearen aldekoek manifestarien kanpaleku bat bonbardatu zuten atzo Sanan, eta istiluetan gutxienez 11 lagun hil ziren, Al Jazeera kateak lekukoak aipatuz jakinarazi duenez. Bertze iturri batzuek erran zuten zazpi hildako izan zirela. Ez dago argi biktima guztiak bonbardaketan hil ziren edo ondorengo tiroketetan. Iluntzerako, erregimenak jakinarazi zuen su-etena agindu zuela, atzerriko diplomatikoekin negoziatu ondoren. AEBetako eta Erresuma Batuko enbaxadoreak zeuden horien artean.
Ekainetik, hadish tribua Saleren aurka matxinatu zenetik, Sanan izandako gertakari odoltsuenak dira azken egunetakoak. Manea al Matari manifestariak kanpalekuaren aurkako bonbardaketa azaldu dio Reuters agentziari: «Errezoetatik bueltan gentozen. Halako batean, ezerezetik agertutako bonba bat lehertu da, eta hainbat lagun erortzen ikusi ditugu». Alaa Jibran oposizioko jarraitzaileak Al Jazeerari azaldu dioenez, berriz, bonbardaketak herenegun hasi ziren. «Hiru orduz behin leherketak aditu ditzakegu». Frankotiratzaileak ere tiroka ibili direla salatu dute oposizioko jarraitzaileek. Erregimenak, baina, ukatu du soldaduak edo poliziak zibilei tiroka aritu direla. BBCri adierazi diote istiluak hasi dituztenak «Al Kaedari lotutako indarrak» izan direla, «oposizioarekin elkarlanean».
Hedabideek jakinarazi dutenez, baina, erregimenaren indarrei aurre egin diete Ali Mohsen al Ahmar jeneralaren soldaduek. Saleren anaiordea da Al Ahmar, baina matxinadaren hasieran oposizioaren alde paratu zen.
Negoziazioak, blokeatuta
Bi aldeen arteko elkarrizketak bideratzeko asmoz, NBE Nazio Batuen Erakundeko eta GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluko mandatariak ailegatu ziren Yemenera herenegun. Oposizioko iturri batek adierazi du, baina, ez dutela haiekin biltzeko asmorik.
Iragan urtarrilaren 27an hasi zen Saleren aurkako matxinada. Ekainetik Saudi Arabian dago presidentea, bere aurkako atentatuan izandako zaurietatik sendatzen. Hil honen 12an, Salek bere eskumenak eman zizkion Abdo Rabo Mansur Hadi presidenteordeari, hark presidentearen botere transferentzia negozia zezan oposizioarekin. Hala ere, horrek ez ditu gogobete erregimenaren aurkariak.
Yemenek herrialdearen hainbat gunetan gatazka armatu gogorrak ditu, eta oposizioaren matxinadak eta horren aurkako errepresioak egoera humanitario larria sortu du. Adibidez, Munduko Migrazioetarako Erakundeak jakinarazi du Etiopiako 3.000 etorkin harrapatuta daudela Yemenen, Saudi Arabiara igaro ezinda.Erakundeak salatu du bizi-baldintza «penagarrietan» daudela.
Protestak herrialde arabiarretan
Yemengo erregimenak oposizioaren kanpaleku bat bonbardatu du
Gutxienez zazpi manifestari hil dituzte Sana hiriburuan; hiru egunean hildakoak 60 baino gehiago dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu