Duela egun batzuk hasi ziren indartzen erasoaldi handi bat gerta zitekeela zioten iragarpenak, eta gaur hasi dute Saudi Arabiak eta haren aliatuek. Hudaida hiria dute helburu, Yemenen mendebaldean, Itsaso Gorriko kostan. Huthiek, iparraldeko matxino xiitek kontrolatzen dute hiri hori, eta haren portuak berebiziko garrantzia du, elikagaiak eta bertzelako hornigaiak lortzeko bide nagusi eta ia bakarra baita huthiek kontrolatzen duten eremuan dauden milioika herritarrentzat. Horregatik, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Gurutze Gorriak kezka agertu dute erasoaldiak sor ditzakeen ondorioengatik. "Litekeena da jadanik hondamenezkoa den egoera humanitarioa are gehiago okertzea", adierazi du Marie-Claire Feghali Gurutze Gorriaren bozeramaileak. NBEren arabera, Yemenek dauzkan 25 milioi biztanle ingurutik 8,4 milioi inguru gosea pairatzen ari dira gerraren ondorioz.
Hornigaien bidea mozteak sor lezakeen hondamendiarekin ez ezik, NBE eta Gurutze Gorria kezkatuta daude Hudaida inguruan bizi diren 600.000 herritarrek bonbardaketen eta borroken ondorioz duten arriskuarekin. "Gatazkaren aldeek ahal duten guztia egin behar dute zibilak babesteko eta irauteko beharrezkoa duten laguntza helarazteko", adierazi du Lise Grande NBEk Yemenen duen giza laguntzarako koordinatzaileak.
Mugimendu islamista bat da huthiena; zaidismoan oinarritzen da haien ideologia. Xiismoaren adar bat da zaidismoa, eta Yemengo herritarren %35 inguru dira zaidiak. Ipar-mendebaldean bizi dira gehienak. Huthiak 2004an matxinatu ziren gobernuaren aurka, zaidiak diskriminatzen zituela kexu zirelako. Kolpe erabakigarria 2014an eman zuten, Sana hiriburua hartuta. Orduz geroztik, Yemengo mendebalde eta ipar-mendebalde gehiena izan dute kontrolpean —garai bateko Ipar Yemen zenaren zati gehiena—.
Saudi Arabia, 2015etik erasoan
2015ean, ordea, Saudi Arabiak nazioarteko koalizio bat osatu zuen, eta huthien aurkako gerra hasi zuen —AEBen laguntza logistikoarekin—. Saudi Arabia muturreko islamismo sunitaren erreferente nagusia da nazioartean, eta arriskutsutzat ikusten du mugimendu xiita bat boterean ezartzea bere mugetan, are gehiago hori Iranen aliatua izanik. Hiru urte baino gehiago igaro dira Riad esku hartzen hasi zenetik, eta herrialdearen egoerak okerrera baino ez du egin ordutik. NBEren arabera, 10.000 lagun hil dira epe horretan, gehienak nazioarteko koalizioaren bonbardaketetan. "Erasoaldia luzatzen bada, kasurik okerrenean kalkulatzen dugu 250.000 herritarrek dena galduko dutela, baita bizia ere", erran zuen joan den ortziralean Grandek.