Hil honen 27rako iragarri dute Yemenen Abd Rabbuh Mansur al-Hadi presidentearen kargu hartzea. Herriaren Kongresu Nagusia alderdiko bozeramaile Abdel Hafiz al-Naharik jakinarazi duenez, ordea, baliteke «protokolo arrazoiengatik» eguna aldatu behar izatea. Al-Naharik iragarri du, halaber, Ali Abdullah Saleh presidente ohia kargu-hartze ekitaldian izanen dela. Iragan urtarrilaren 22an AEBetara joan zen Saleh, iaz Presidentearen Jauregiaren aurkako erasoan izandako zauriengatik tratamendua hartzera. Hauteskundeen emaitzak aste honetan dira jakinaraztekoak. Oposizioko taldeekin egindako hitzarmenaren arabera, Al-Hadi izan da hautagai bakarra.
Al-Nahari bozeramaileak erran duenez, Salehek, behin Yemenera itzulita, Herriaren Kongresu Nagusiko buruzagitza hartuko du, eta «alderdia zuzentzen» lan eginen du. Salehek Al-Hadi presidenteordearen esku utzi zuen Yemengo agintea, iragan azaroan, GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak hauspotutako akordio bati jarraiki. Trukean, oposizioko talde nagusiek Salehentzako immunitatea onartu zuten; hortaz, ezinen dute iazko matxinadaren errepresioagatik epaitu. Saleh AEBetan zegoen bitartean tortura kasuengatik epai zezatela eskatu zien FIDH Giza Eskubideen Ligen Nazioarteko Federazioak AEBei.
Liskarrak hegoaldean
Nazioarteko erakundeak, baina, pozik agertu dira hauteskundeengatik. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Yemengo herria zoriondu du, bozak «era baketsuan» egiteagatik, eta EB Europako Batasuneko Atzerri Gaietarako buru Catherine Ashtonen arabera, prozesua «mugarria» izan da demokraziarako bidean. Yemengo hegoaldean eta iparraldeko Sadaa eskualdean, ordea, liskar larriak izan ziren bozen egunean. Hegoaldean, independentistek boikota egin zieten bozei; gutxienez hamar hildakoren berri eman dute, militarren eta zibilen artean. Sadaan matxino zaiditek —xiiten adar bat— egin dute boikota.
Yemengo presidenteak kargua hartzeko ekitaldira joango da Saleh
Segurtasun Kontseiluak herria zoriondu du, bozak «era baketsuan» egiteagatik, liskar larriak izan diren arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu