Yoshihiko Noda orain arteko Finantza ministroa Japoniako lehen ministro izendatuko du gaur Tokioko Parlamentuak. Iragan ostiralean Naoto Kan jarduneko lehen ministroak dimisioa eman zuen, eta Japoniako Alderdi Demokratikoaren lider berria hautatzeko egindako hauteskunde primarioak irabazi zituen atzo Nodak. Banri Kaieda Merkataritza eta Industria ministroak baino 38 boto gehiago jaso ditu Nodak alderdi barruko bozketan.
Kanen politika egiten jarraituko duela iragarri du 54 urteko lehen ministro berriak. «Krisi nuklearra, olatu handiak suntsitutako ingurua berreraikitzea, yenaren igoera eta deflazioa... Lan ugari daukagu egiteko», esan du Nodak. Bestalde, Japoniako kontu publikoen egoera kaskarra hobetzeko —herrialde industrializatuen artean zorrik handiena duen herrialdea da, barne produktu gordina bikoizteraino— diziplina fiskal zorrotza ezartzearen aldekoa da Finantza ministro ohia, eta zergak igoko dituela aurreratu du.
Batasunaren bila
Batez ere Fukushimako krisi nuklearrak behartu du Kan dimisioa ematera, kontrako ahotsak goratu bazitzaizkion alderdi barruan ere. Haatik, alderdi barruko zatiketaren adierazle gisa, inoiz baino hautagai gehiago aurkeztu dira primarioetara; bost hautagai, hain justu. Horregatik, garaipena lortuaz batera batasunerako deia egin du Nodak: «Orain jada ez dago fakziorik».
Areago, oposizioari ere eskua luzatu dio Nodak. Koalizio handi bat eratzeko deia egin die Alderdi Liberal Demokratikoari eta Komeito Berriari. Izan ere, Goi Ganberan oposizioko alderdiek dute gehiengoa, eta legeak geldiaraz ditzakete. Komeito Berriaren babesa jasoz gero, berriz, Nodaren alderdiak kontrolatuko lituzke bi ganberak. Halere, ez da legealdi erosoa izango. «Aliantzari ez diogu ezezko borobilik emango, baina errealista izanda, aukera gutxi daude horrelakorik gertatzeko», ohartarazi du Natsuo Yamaguchi Komeito Berriko buruak.
Yoshihiko Noda Japoniako lehen ministro izendatuko du Parlamentuak
Finantza ministro ohiak Naoto Kanen politika egiten segituko du, eta zergak igoko ditu ekonomia hobetzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu