M-11, sarraskia Madrilen: 198 hildako

Zazpi hilabeteko haur bat hil da, eta dagoeneko 199 dira hildakoak, 11 estatutakoak

Erietxean oso larri zegoen zazpi hilabeteko haur bat hil da, eta dagoeneko 199 dira atzoko Madrilgo atentatuetan hildakoak, eta 1.463 zaurituak. Hildakoen artean, 11 estatu diferentetako herritarrak daudela agertu du Espainiako Gobernuko presidente Jose Maria Aznarrek. Zaurituen artean, berriz, 408k oraindik erietxeetan ingresatuta segitzen dutela jakinarazi du, haietatik 38 hil edo biziko egoeran. Hildakoetatik 117 identifikatu dituzte.

2004ko martxoaren 12a
18:28
Entzun
Identifikatzeaz gain, 113 hilotz jada eraman dituzte beren senitartekoek azken agurra eman eta lurperatzeko.

11 estatutako herritarrak daudela hildakoen artean agertu du Aznarrek; hala nola, txiletar bat, kubatar bat, Ekuadorko herritar bat, Guinea Bissauko beste bat, Hondurasko bi, beste hiru poloniar, Frantziako nazionalitatea duen pertsona bat, eta, gainerakoek, Espainiako nazionalitatea dute.

Zaurituak guztira 1.463 izan ziren, eta haietatik ia mila erietxeetan artatu behar izan zituzten. Dagoeneko, ordea, 576ri alta eman diete, eta 408 dira oraindik ospitaleetan daudenak. Haietako 38 hil edo biziko egoeran.

Leherketen ondorioz, gorpuetako batzuk txikituta geratu ziren, eta horregatik, kasu batzuetan identifikazioa zaila gertatzen ari da. Identifikazioa zailtzen ari den beste faktore bat da zenduetako batzuk paperik gabeko etorkinak zirela, eta haien senideek beldurra dutela haien bila joateko Espainiako Atzerritarren Legearen ondorioak jasan dezaketelako.

Kalteltutako etorkinen egoera erregularizatzeko erabakia

Aznarrek iragarri duenez, izugarrikeria hori arintzeko neurria hartu du gaur Espainiako Ministroen Batzarrak: atentatuetan hildako paperik gabeko etorkinen eta haien senideen egoera erregularizatzea. "Inork ez dezala babesgabetasunik sentitu; inongo faktorek ezin ditu atentatuaren ondorioak larritu", adierazi du.

Oraindik identifikatu gabeko hilotzak Ifema erakustazokan dauzkate, eta ehun bat auzi-mediku eta Polizia zientifikoko kide nortasunak argitzeko lanean ari dira. Haiekin batera, psikologoak, gizarte laguntzaileak eta senideei babesa ematera joan-etorrian dabiltzan beste hainbat boluntario daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.