Zazpi lagun hil eta 261 zauritu: horra Kairoko Ramses eta Giza plazetan gertatutako istiluen emaitza. Bart izan ziren istiluak, Mohamed Mursi uztailaren 3an armadak kargugabetu zuen presidentearen aldeko jarraitzaileek deitutako mobilizazioetan. Atzo astea bete zen 51 pertsona hil zirela armada eta islamisten arteko istiluetan, eta atzoko deialdien aurretik armadak abisua egin zuen: armadaren baseetara "hurbilduko balira" "indarra" topatuko zutela ohartarazi zituzten manifestariak.
Egiptoko agintariek jakinarazi dutenez, 401 pertsona atxilotu zituzten, "atzoko istiluetan liskarrak" eragin zituztelakoan. Poliziak negar gasak erabili zituen manifestarien aurka, Giza eta Ramses plazetan. Al-Ahram egunkariak ziurtatu duenez, perdigoi tiroak ere jaurti zituen Poliziak: Mursiren aurkakoak harriz baliatu ziren haiei aurre egiteko.
Lehenengo informazioen arabera, Osasun Ministerioak 22 zauritu besterik ez zegoela baieztatu zuen. Anaia Musulmanek, berriz, baieztatu zuten bi lagun hil direla eta 300 zauritu. Azken informazioen arabera, baina, zazpi dira hildakoak oraingoz, eta 261 zaurituak.
Trantsiziorako gobernua, osatzear
Adli Mansur Egiptoko behin-behineko presidenteak hala aginduta, Hazem al-Beblaui trantsiziorako gobernua osatzen hasi zen iragan astean. Gobernu berriak 30 ministerio inguru izango dituela aurreratu zuten, eta dagoeneko horietatik lauren arduradunak zeintzuk izango diren jakitea besterik ez da falta. Al-Beblauik atzo egindako adierazpenen arabera, azken ardura horiek zeintzuk beteko dituzten erabakiz gero, gaur azken orduan edo bihar bertan egingo dute karguaren zina.
Uztailaren 8an Mansurrek egindako adierazpen konstituzionalak trantsiziorako urratsak ezarri zituen.