Atentatuak Londresen

Zazpi pertsona atxilotu dituzte Londresko atentatuekin lotuta; horietako batek erasoetan zuzenean parte hartu zuela dio Poliziak

Uztailaren 21eko Londresko erasoekin zerikusia izatea egotzita, beste zazpii lagun atxilotu ditu Erresuma Batuko Poliziak. Lau lagun Birminghamen atxilotu dituzte, eta beste bi Grantham tren estazioan. Luton aeroportuan izandako alarma faltsu baten ondorioz, baztertze eremu bat ezarri dute, eta gizon bat atxilotu dute han. Dagoeneko hamabi lagun atxilotu dituzte, guztiak gizonezkoak, atentatu horiekin lotuta. Gaur atxilotu dutenetako batek erasoetan zuzenean parte hartu zuen Poliziaren arabera.

2005eko uztailaren 27a
17:11
Entzun
Lehenengo sarekadan atxilotutako lau pertsona horiek Birminghamgo bi etxebizitzatan atzeman dituzte, eta 2000ko Lege Antiterroristaren arabera atxilotu dituzte. Etxeetako batean pakete susmagarri bat aurkitu dutela agertu dute polizia iturriek. Era berean, gaur atxilotu dutenetako bat Poliziak erasoetan zuzenean parte hartzea leporatzen dien lau gizonezkoetako bat dela ziurtatu du Poliziak. Iragan 21eko erasoetan parte hartu zuen gizona Jasin Hassan Omar somaliarra da. Londresko tren estazioan bonba bat leherrarazten saiatzea leporatzen dio Poliziak. Deskarga gerarazgarriak jaurtitzen dituen Taser pistola erabili du Poliziak Omar atxilotzeko. Scotland Yarden arabera, lau "susmagarriak" ez dira Erresuma Batutik atera, eta "etxe seguruetan" daude.

Bestetik, bi gizon atxilotu ditu Poliziak Grantham tren estazioan, Ingalaterra ipar-ekialdean, Newcastletik King's Crossera zihoazela. Atxilotutako bi gizonek Lincolnshireko komisarian deklaratu beharko dute.

Lutonen, Londres ipar-ekialdean, alarma faltsu baten ostean segurtasun indarrek baztertze eremu bat ezarri dute, eta gizon bat atxilotu dute. Bedfordshire konderriko Poliziak adierazi du alerta egoera bukatu dela.

Joan den ostegunean Londresko metro sareko hiru gunetan eta autobus batean atentatuak izan zirenetik hamabi pertsona atxilotu dituzte erasoekin zerikusia dutelakoan.

Hamabi lagun atxilotzeaz gain, Londresko Poliziak pertsona bat hil zuen joan den astean tiroka metroan, "susmagarria" iruditu zitzaiolako. Londresera bizimodu hobe baten bila joandako gazte brasildar bat zela jakin zen gero, eta ez zuela inolako zerikusirik hil honetan Londresen izan diren atentatuekin. Brasildar gaztearen gorpua gaur gauean aberriratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.