Hirugarrenez aurkeztu zen Baxar al-Assad Siriako presidente izateko hauteskundeetara, eta hirugarrenez irabazi zituen, ekainean. Hori horrela, beste zazpi urtez egongo da karguan, 2021era arte.
"Jainko ahalguztidunaren aurrean konstituzioa, legeak eta sistema errepublikanoa errespetatzeko zina egiten dut; herriaren askatasuna eta interesak zainduko ditut; eta aberriaren burujabetasuna, independentzia eta askatasuna babestuko ditut", esan du karguaren zina egiteko ekitaldian.
Gaineratu duenez, hauteskundeen emaitzek erakusten dute "terroristak" garaituak izan zirela. "Siriarrek beldurrari irabazi zioten erreferendumarekin eta hauteskundeekin". Ohartarazi du aurrerantzean "terrorismoa" babesten dutenek "garesti" ordainduko dutela.
Botoen %88,7 jasota, aise nagusitu zen hauteskundeetan. Hafez al-Assad aita hiltzean boterea hartu zuenetik —2000. urtean—, sendo mantendu da agintean.