Zelaya estatu kolpez kendu zutela arrazoitu du Egiaren Batzordeak Hondurasen

Hondurasko presidentea indarrez atera zutela onartu arren, ekintzaren aurretik Konstituzioa urratu zuela ondorioztatu duteKargutik kendutako agintariak ez du inoiz onartu batzordea, «kutsatuta» dagoelako

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Manuel Zelaya 2009ko ekainaren 28an atera zuen ostikoka Romeo Vasquez Velazquez jeneralaren taldeak Tegucigalpako etxetik, eta Costa Ricara eraman zuten gauerdian, baina Zelayak Konstituzioari egin nahi zizkion erreformek batzuentzat zilegitasunik ez zutela argudiatuta, legezko zentzua eman nahi izan zioten Roberto Micheletti orduan Legebiltzarreko presidenteak gidatu zuen ekintzari. Zelaya atzerrian zela egindako hauteskundeetako irabazleak, Porfirio Lobo egungo presidenteak, (CVR) Egiaren eta Baketzearen Batzordea abiatu zuen gertaerak aztertzeko, eta Zelayak haren balioa ezbaian jarri badu ere —Lobo aukeratzeko prozesua bera jarri zuen bezala—, arrazoi eman diote, baina, «baina» garrantzitsuekin.

Egiaren Batzordearen arabera, Manuel Zelaya estatu kolpebaten biktima izan zen; indarrez, azkar eta zakar atera zuten Gobernutik. Roberto Michelettiren gobernua legez kanpokoa izan zen, eta krisiak hogei hildako eragin zituen, horietako hamabi segurtasun indarren esku. «Baina Zelayak Konstituzioaren arauak urratu zituen erregimen berria ezartzeko». Hain zuzen, erreformaren puntu gatazkatsuetako bat zen Konstituzioak presidenteak legegintzaldia errepikatzeko aukera jasotzea —Venezuelan, Bolivian, Ekuadorren eta Kolonbian egin bezala—, baina AEBetatik urrundu eta Hugo Chavezek gidatzen zuen mugimendura gerturatzea zegoen sakonean, eta oposizioak hori saihesteko modurik egokiena presidentea indarrez kentzea zela erabaki zuen.

AEBak atzean zeudela salatu izan dute ordutik Zelayaren aldekoek, baina orain, batzordeak argi utzi nahi izan duenez, «nazioarteak ez zuen parte hartu estatu kolpearen aurreko garaian. Soilik Zelayaren galdeketaren alde zeudenak egon ziren prozesura».

Loboren ekimena

Porfirio Lobok berak sortuta, Guatemalako presidenteorde ohiak gidatu du batzordea, Eduardo Steinek, eta AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak babestu du —orain gutxi onartu dute berriz Honduras erakunde horretan—. Horrelakorik gerta ez dadin Konstituzioak epaiketa politikoaren figura jasotzea proposatu dute, eta haren prozesua zehatz idatzita jartzea. Zelayak berak sortu zenetik ez du onartu Egiaren Batzordea, «kutsatuta» dagoela uste duelako, eta hori dela eta, ez du parte hartu ikerketan, nahiz eta haren gobernuan egondako batzuek eman duten gertatutakoari buruzko iritzia.

Duela bi urte Konstituzioaren erreformak nahastua zegoen giroa erabat asaldatu zuen. Manuel Zelaya presidenteak Batzar Konstituziogile bat osatzeari buruz galdetu nahi zien herritarrei erreferendum bidez, baina oligarkiak eta armadak ez zuten ideia gustuko. Konstituzioa urratzea leporatu ostean Kongresuak, denborarik galdu gabe, Roberto Micheletti kolpea zuzendu zuen bera izendatu zuen presidente. Orain, Zelayak Konstituzioa urratu zuela berretsi du batzordeak, arauak errespetatu gabe bere aldeko Konstituzioa egin nahi izatea leporatzeaz gainera, Hondurasko Auzitegi Goreneko epaileak berak aukeratu nahi izana ere salatu du.

Bi urte da kolpea eman zutela, eta gaur oraindik Hondurasek ez du burua altxa. Hauteskundeak egin, egin zituzten, baina Zelayaren aldekoek iruzurtzat jo zituzten, eta ez dute onartzen Porfirio Lobo presidentetzat. Lobok egoera ikusita, Zelayari itzultzeko bidea erraztu dio —joan den maiatzetik dago etxean—, eta haren kontra ustezko ustelkeria kasuengatik hasitako bi prozesuak bertan behera utzi ditu Hondurasko Justiziak.

Errepresioa

Nazioarteko agintari gehienek onetsita dute Loboren gobernua, baina badira oraindik mesfidati begiratzen diotenak. Giza eskubideen aldeko taldeek nabarmentzen dute presidentetzarako bozak errepresio giroan eta benetako askatasunik gabe egin zituztela iaz.Iritzi berekoa da Hondurasko oposizioko talde gehienak biltzen dituen erakundea, FNRP Herri Erresistentziaren Fronte Nazionala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.