Zentralak ez zituen betetzen segurtasun neurriak

Salatu dute Fukushiman bizia arriskuan jarri duten langileek ez dutela beharrezko ezagutza teknikorik

Erredakzioa
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Fukushimaren kudeaketaz arduratzen den TEPCO enpresaren txosten batzuen arabera, zentral nuklearrak ez zituen betetzen segurtasun neurriak. Zentralean gorde daitezkeen baino uranio barra gehiago pilatu dituzte. Horrez gain, teknikariek hamar urtez ez dituzte egin beharrezko segurtasun azterketa guztiak.

Martxoaren 11n, bederatzi graduko lurrikarak Japonia astindu zuenean, zentral nuklearrean uranio barra gehiegi zeuzkaten erreaktoreetako urasketan pilatuta; behar lukeen baino hiru aldiz handiagoa zen kopuru hori, hain justu. Uraskak izan dira langileen kezka nagusia ordutik; izan ere, hango ura lurrunduz gero, erradiazio isuri handiak egoteko arriskua dago.

Iraganean ere arau-hauste ugari egin izan ditu TEPCOk. 2002an zentral nuklearretako segurtasun agiriak faltsutzen zituztela adierazi zuten multinazionaleko langile batzuek. Urteetan segurtasun arazoak ezkutatu zituztela jakin zen orduan. TEPCOk salaketak onartu zituen, baina, gerora ere, arauak hausteagatik eskandaluak eragin zituen enpresak hainbatetan.

Fukushimako «heroiak»

Egunotan Fukushimako zentral nuklearrean lanean ari diren langileak heroitzat hartu dituzte herrialdean, bizia arriskuan jarri baitute hondamendia saihesteko. Ezagutza teknikorik ez duten langileak direla salatu dute, ordea, euren senideek.

Azaldu dute TEPCOk ezagutza teknikorik ez duten langileak deitu dituela lanera. Keiichi Yamamoto Fukushimako langile ohiaren arabera, japoniarrei enpresaren alde guztia ematen irakatsi zaie. Enpresa lehentasun bilakatzen da horrela, baita norberaren biziaren gainetik ere. Langileei «burua berotu» dietela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.