Errusiako zerbitzu sekretuek (FSB) Inguxetiako errepublika autonomoan duten egoitza nagusiaren aurka atzo gertatutako atentatu baten ondorioz, gutxienez bi lagun hil ziren eta berrogei bat zauritu. Antza, bonba auto edo kamioi baten bitartez burutu zuten erasoa, Inguxetiako hiriburu berriki aukeratutako Magasen jazo zen, eguerdi aldean (10:00ak Euskal Herrian).
Leherketa gertatu zen unean ehun bat pertsona bazeudela egoitza barruan zehaztu eta gero Inguxetiako Gobernuko arduradun batek hauxe aditzerat eman zuen: «Hildakoen eta zaurituen kopuru bat aipatzea ezinezkoa da, baina ugari daude».Eraikina «erabat txikituta» geratu zela adierazi zuen. Alabaina, zenbait ordu geroago jakin zen egoitzak «kalte handiak» jasan zituela baina ez zegoela osoki suntsitua. Biktimen kopuruari dagokionez, datu batzuek bi hildako zirela zioten, beste batzuek lau zeudela ziotelarik. Berrogei inguru liratekeen zaurituak, Inguxetiako Nazran nahiz Alaniako Vladikavkaz hirietako erietxeetara eraman zituzten.
Bonba kamioi edo auto baten lehertzea aipatu baino lehen, egoitzaren hegatsean ipinitako lehergaiek zutela zart egin zehaztu zuen Itar-Tass errusiar prentsa agentziak.
Lekukoen arabera, hain zuzen, hegatsa osorik erori zen. Atentatuaren jomuga izandako egoitzatik 200 metroko inguruan eraikitako egoitza eta etxebizitzak, berriz, handizki kaltetuak izan ziren eta hamar bat ibilgailu ere txikituta zeuden. Lekukoen arabera, leherketa gertatu zen lekuan bertan, hiru metroko diametroa zuen zulo bat ikus zitekeen. Hortaz, Rossia telebista kate publikoak emandako datu baten arabera, eztanda egin zuen lehergaiak 800 kilo TNTren potentzia zeukan.
«Gatazkaren eremua zabaltzeko saio bat da», aditzerat eman zuen Alikan Amirkhanov diputatu errusiarrak, atentatuaren berria komentatzean Moskuko Echo irratian. Hitz horiekin Txetxeniako gerra zuen gogoan, Inguxetiak mugak baititu Errusiako Armadak eta segurtasun zerbitzuek okupatzen duten Kaukaso aldeko errepublika horrekin.
Hauteskundeen atarian
Errepublikaren lehendakaritzarako hauteskundeak egingo dira hemendik hiru astera Txetxenian. Adituen arabera, gertakizun hau baliatu nahi lukete herrialdearen independentziaren alde borrokan sartuta dauden gerrillariek. Bozketa horietan, jardunean den Akhmad KadirovMoskuren aldeko agintaria soilik da lehiatuko. Shamil Bassaiev gudalburuaren aginduetara dauden gerrillari erradikalek behin eta berriro ekin dute bonba ibilgailuen bitartez.
Joan den abuztuaren 1ean, Alaniako Mozdok hirian ospitale militar baten aurka burutu zen ekintza suizida batek berrogei bat hildako eragin zituen. Iragan maiatzean, berriz, 60 lagunek bizia galdu zuten, Txetxenia iparraldean kokatutako Znamenskoie hirian, Errusiaren menpeko den aginte txetxeniarraren egoitzaren eta FSB zerbitzu sekretuen bastizaren aurka gertatu zen beste eraso suizida baten ondorioz.
TXETXENIA
Zerbitzu sekretu errusiarren aurka atentatu bat gertatu da Inguxetian
FSBko egoitzan Magasen izandako eztandak gutxienez bi hildako eta berrogei zauritu eragin ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu