Zerbitzu sekretuetako lau goi kargudun atxilotzeko agindu du Turkiak

PKK erakunde kurduarekin harremanak izatea leporatu die Fiskaltzak, 'KCK auziaren' barruan

Jon Fernandez.
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
MIT Turkiako zerbitzu sekretuetako lau goi kargudun atxilotzeko agindua eman du Istanbulgo fiskalak baimen berezidunak, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin harremanak izan dituztela leporatuta. KCK auziaren barruan eman du atxilotzeko agindua Istanbulgo Fiskaltzak, eta, gainera, Hakan Fidan MITeko burua berriz ere deklaratzera deitu du datorren ostegunerako, erakundeko beste bi goi kargudunekin batera. Abdullah Gul Turkiako presidentearen ustez, kasua «ezbehar mingots bat» da Turkiarentzat; BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduak, berriz, esan du AKPJustizia eta Garapenerako Alderdiaren «barne borrokak» irudikatzen ditu (alderdi hori dago gobernuan).

Fiskaltzaren aginduak sekulako zalaparta sortu du Turkian, eta Gul presidenteak eta Recep Tayyip Erdogan gobernuburuak larrialdiko zenbait bilera egin dituzte. Izan ere, Fidanek adierazi du ez dela joango epaitegira deklaratzera. MITen arauen arabera, Ankarako gobernuaren baimen berezia behar dute zerbitzu sekretuetako funtzionarioek ikerketa judizialekin elkarlanean aritzeko. Erdoganek berak izendatu zuen Fidan MITeko arduradun, eta 2010ean Oslon PKKrekin bake prozesu bat negoziatzeko harreman sekretuak eduki izana leporatzen diote orain.

Atzo bertan, AKP alderdiak fiskal baimen berezidunen jarduna mugatzen duen lege proiektua aurkeztu zuen legebiltzarrean. Lege proiektuaren arabera, lehen ministroaren baimena izan beharko luke fiskalak MITeko ofizialen kontrako auzibidea hasteko. CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa oposizioko alderdi nagusiak, berriz, berehala prentsaurreko bat emateko eskatu dio lehen ministroari, zer gertatzen ari den azaltzeko iritzi publikoari.

MITen zaintzapean

Atxilotzeko agindua duten lau lagunen artean Emre Taner, zeina 2010eko maiatzera arte MITeko zuzendari izan zen, eta Afet Gunes erakundeko zuzendariorde ohia daude, besteak beste. Ekurd albiste agentzia kurduaren arabera, KCK auzian aurkitutako froga berrietan oinarritu da fiskala MITeko hiru goi kargudunak deklaratzera deitzeko. KCK-ko kideen eta Abdullah Ocalan PKK-ko lider presoaren arteko gutunak dira, hain zuzen ere, froga berriak. Areago, ostegunetik ostiralera bitartean Poliziak beste hainbat agente sekretu atxilotu ditu froga horietan oinarrituta; Adana hirian, herrialdearen hegoaldean, izan dira atxiloketak. Fiskaltzaren arabera, KCKrekin lanean aritu dira agente sekretu horiek.

Turkiako Today's Zama egunkariaren arabera, auziko dokumentuek zera baieztatzen dute: KCK Turkiako Zerbitzu Sekretuen zaintzapean sortu zela eta KCK-k egin dituen eraso batzuk MITeko iturriek eurek agindutakoak izan direla.

2010etik, negoziazioek porrot egin zutenetik, Turkiako armadaren eta PKKren arteko borrokak gora egin du nabarmen. Azken hilabeteetan, gainera, kurduen gaineko presioa areagotu du. Urtarrilaren 17an, esaterako, 31 lagun atxilotu zituzten KCK auziaren barruan; BDPko legebiltzarkide ohi Fatma Kurtulan eta jada desagertutako DEHAP Kurdistango Herriaren Alderdi Demokratikoko presidente ohi Tuncer Bakirhan tartean.

PKKren adar politikoa izatea leporatzen dio Ankarak KCKri. Bestalde, AEBek eta Turkiak «talde terroristatzat» jotzen dute PKK, eta Europako Batasunaren zerrenda beltzean dago. 1984an sortu zen PKK, Turkiako estatuaren kontra borroka egiteko, eta harrezkero 45.000 lagun inguru hil dira gatazkan. Turkiaren menpeko Kurdistanen 20 milioi lagun inguru bizi dira; hala ere, Turkiak ez ditu herri gisa onartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.